2012-11-24

Aurkezpena

Lehenik eta behin, nire burua aurkeztuko dut. Jon Mattin Matxain naiz, baina lagunek Txoni deitzen naute. Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten dut, Kimika Fakultateko Kimika Teorikoko Taldean. Batez ere ikerketan aritzen naiz, baina klaseak ematen ditut ere bai. Klaseen artean, aurten Kimika Graduko hirugarren mailan Kimika Fisikoa II ematen dut, beste lagun batekin batera. Irakasgai honen oinarria Kimika Kuantikoa da.




Bai. Kimika Kuantikoa. Orohar, jendeak bi hitz hauek entzutean ala irakurtzean, izutu egiten da. Lehenengo egunetan, ikasleen aurpegiak ikusita irakasleok ere izutzen gara... baina kurtsoa aurrera doan heinean, gauzak ulertzen joaten gara. Ez bakarrik beraiek, guk ere asko ikasten dugu beraiekin. Lagunekin edo familiarekin beste kontu bat da. Egin kontu, nola azaldu zientziarekin harremanetan ez dagoen norbaiti zer den kimika kuantikoa? Eta gainera modu labur batean! Kafetxo bat hartzen, pote batzuk botatzen ari zarenean, ezin zara enrollatu, entzulea lokartzeko arriskurik gabe! Hau dela eta, norbaitek galdera hori egitean, bi aukera daude:

a) Politikoarena egin, eta gaia aldatu galderari erantzun gabe.
b) Ulertzeko zaila den erantzun bat eman, horrela galderekin jarraitzeko aukera murrizten delarik.

Galderari modu egokian saiatzen zarenean erantzuten (eta hau oso zaila da elkarrizketa labur batean), nahi eta nahi ez, nahi ez dugun galdera bat iristen da gure belarrietara. "Eta hori, zertarako?" Ez pentsa galdera hau bakarrik lagunek edo familiak egiten duela, ez. Mundu guztiak egiten du. Orohar, zientzia eta gizartearen artean salto handia baldin badago, are handiagoa dago kuantika eta gizartearen artean.

Blog honen helburua ez da salto hau desagertaraztea. Nire helburua kuantika modu ulerkor eta sinple batean nahi duenari gerturatzea da. Eta zergatik ez esan, bloga prestatzen dudan bitartean, galdetzen didatenei zer eta nola erantzun ere prestatuko dut. Horrela, c) aukera bat ere landuko dut.

c) Galdera erantzun modu sinple, antolatu eta labur batean.

Hau, lagunok, ez da dirudien bezain erreza. Egia esan, ez dakit lortzerik dagoen ere ez. Baina saiatu, saiatuko naiz. Eta noski, nahi duenaren ekarpenak eskertzen dira.

Denbora asko ez dut izango blogg-a osatzeko, ziurrenik. Hala ere, saiatuko naiz bi astero post bat igotzen. Hizkuntza, euskera aukeratu dut. Gazteleraz edo ingelesez, seguraski, jende gehiagok irakurriko luke. Baina egia da ere hizkuntza horietan web gehiago daudela gai honen inguruan, eta uste dut Euskal Herrian Euskerari ahalik eta esparru gehien ireki behar dizkiogula. Hau dela eta, Kimika Kuantikoa euskeraz egiten den lehenengo blogg-a izanen litzateke hau. Besteren bat balego, barkamena eskatzen dut ez konturatzeagatik!

Lehenengo eguna izateko, nahikoa dela iruditzen zait. Helburua jarri dugu, hizkuntza ere bai. Kuantika hor dago, gure zain. Gonbidapena luzatuta dago, nahi duenak bidai hau nirekin egin dezan!

3 iruzkin:

  1. Ideia ona, animo!!! zaila da, baina ziur naiz zu odo ondo egingo dezula

    Xabi

    ErantzunEzabatu
  2. Hemen egongo gera, adi-adi jarraitzen :)

    ErantzunEzabatu
  3. Ni ere ahaleginduko naiz blog-a jarraitzen, ia horrela etxean daukatenari zerbait gehiago ulertzen diodan... baina egia esan, aitortu beharra daukat ez dudala nere burua hau ulertzeko gai ikusten!! :P Ia arlo honetan guztiz ezjakinak garenoi kimika kuantikoarekiko grina sartzeko gai zaren Txoni!!! Hau bai erronka zaila jarri dizudana!! ;)

    ErantzunEzabatu