2013-12-02

Blogak urtebete!

Urtebete pasa da, bai, blog hau abiatu zenetik. Nola pasatzen den denbora, ezta? Fite, agudo. Konturatu gabe. Gaurkoan, urte honek emandakoari erreparatu nahi diot. Ez bakarrik blogari dagokionez, nire ikerketari dagokionez ere bai. Urtebetetzeak normalean tarta batekin lotzen ditugu. @Koldotxu -k, #kafepintxo batekin agian... Niri, gazia gozoa baino gehiago gustatzen zait. Kontutan izanda azterketetan ibili garela azken astean, eta #KulturaZientifikoa menuari zerbait gehitu nahian, gaurko ospakizuna urdaiazpikoarekin egin nahi dut. Ikasleek ekarri ez diguten urdaiazpikoarekin! :-)

Blogak gorabeherak izan ditu urtean zehar. Hasieran, emozioak gaindituta, erritmo handia hartu nuen. Erritmo hori urte osoan ezin mantendu, eta udatik hona pixkat jeitsi egin da. Horren "erruduna" ez da bakarrik lan egin beharra (gogoan izan blog hau lan orduetatik kanpo egiten dudala), #KulturaZientifikoa I. Jaialdia bultzatzen ere pasa dut azkenaldian lehen blogean idazteko erabiltzen nituen orduak. Honek martxa hartuta, espero dut, eta nire desioa hori da, lehenengora bueltatuko naizela. Hala ere, urtebeteko esperientziak erakutsi dit erritmoa mantentzeko, sprint-ak ez direla egokiena, baina batzutan, beharrezkoak bai. Izan ere, lanak baimendutako tarteak aprobetxatu behar dira. Garrantzitsuena, hala ere, erritmoa mantentzen saiatzea da, Indurainek portuak igotzen egiten zuen modura. 

Bloga, onartu behar dut, askorentzat denbora galtzea zen. Zorionez niretzat, ez da horrela izan, eta urte honetan, gauza asko eman dizkit. Adibidez:
 
  • Ikasketak: batek pentsa lezake blogaren helburua Kimika Kuantikoa zabaltzea izanik, norberak dakiena zabaltzen duela. Aldiz, nik dudan irudipena zera da: gehiago da ikasi dudana, irakatsi dudana baino. Horrek pozten nau. 

  • Kontaktuak: Lehen ezagutzen ez nuen jende/talde/erakunde berriekin kontaktuan jartzeko aukera izan dut.Sare sozialetan murgildu behar izan nintzen blogeko edukiak zabaltzeko, eta horrela bertze askok egiten zutenaren berri izan nuen. Elkar truke honi esker, UEUtik udako kurtso batean parte hartzeko gonbidatu ninduten, eta #txiotesia lehiaketa arrakastatsuaren mahaikide izatera gonbidatu ninduten. Eskerrik asko hemendik! Ezagutu ditudan guztiak ezin aipatu hemen, barka nazazue! :-)


  • Komunikabideak: Blogean egindako lanari esker, hainbat irrati saioetan eta Berrian elkarrizketatu naute (guztiak hemen bilduta). Pozten nau izugarri blogak kultura zientifikoa zabaltzeko aukera ematen duelako. Dudik gabe, kazetari batzuk ere bere esfortzua egiten dute, eta eskertzekoa da.

  • Elkarlana: blogean egiten dudan esfortzua bertze askok ere beren blog, webgune, sarean, lanean, eta abar, egiten dute. Elkarrekin, #KulturaZientifikoa ekimena egin genuen Twitter-en, eta #KulturaZientifikoa I. Jaialdia antolatzen gabiltza, besteak beste. Maite Goñik (@euskaljakintza) antolatutako #gaurkohitza5 ekimenan (Gaurko Hitzaren 5. urteurrena ospatzeko) partekatu nuen hitza da elkarlan. Elkarlana ezinbestekoa da Kultura Zientifikoa gizarteratzeko.

Blogean egindako lanak ez dit tarterik kendu nire "benetako" lana egiteko. Osagarriak dira. Ikerketan dabilen jende askorentzat, dibulgazio lana denbora galtzea dela uste dute. Zer esanen dugu, dibulgazio hori euskaraz egiten bada. Hala ere, gure lana dibulgatzen dugun irakasle/ikertzaileok ez dugu ahaztu behar irakaskuntza/ikerketa dibulgatzeko orduan. Tentazio handia da dibulgazioa eta sare sozialak, normalean harrera oso positiboa izaten duelako dibulgazio lan honek. Ez dugu ahaztu behar, ordea, dibulgazio lan hau osagarria dela gure lanean. Ikerketa ez dugu ahaztu behar, eta esfortzu gehiena hor egin behar dugula uste dut. Irakaskuntza/Ikerketa eta dibulgazioa bateragarriak direla uste dut. Horren adierazgarri, aipatu nahi nituzke laburki aurten egindako ikerketa lanen eta irakasgaien zerrendatxoa.
  • Ikerketa liburuetan bi Kapitulu (datorren urtean argitaratuko dira)
  • Irakaskuntzan, Kimika Fisikoa II irakasgaia. 

Honekin adierazi nahi dut posible dela dibulgazioa irakaskuntza/ikerketarekin uztartzea. Ikertzaile asko ez dira ausartzen, pentsatuz bere produkzio zientifikoan eragin kaltegarria izanen duela. Hemendik animatu nahi ditut ikertzaile/irakasleak dibulgatzera. Gauza batek ez du bestea kentzen, eta askotan, osagarriak dira.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.



4 iruzkin:

  1. Zorionak, Txoni! Indartsu ekin diozu blogari, ziberespazioari eta zientziaren kultura sustatzeari! Eta batez ere, eskerrik asko, euskarari zientziaren hedapenean eman diozun astinduari! Urte askoan izan bedi! (neu ere urdaiazpikokoa naiz, si eso ;-)

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Eskerrik asko Ainhoa!!! Zu ere urdaiazpikokoa, primeran... hurrengoa benetazkoa izan beharko!!! :-)

      Ezabatu
  2. Zorionak! Facebooken utzi dizut oparia. Segi dezagun elkarlanean. Ieup! Benetako urdaiazpikoaren zain.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Opari polita utzitakoa! Goxo-goxoa. Dastatua dut bai! Benetako urdailazpikoa, #KulturaZientifikoa 1. Topaketak antolatzen ditugunean!!! :D

      Ezabatu