2013-05-01

Robin Hood eta Orbitala

Gaztea nintzenean, Robin Hood zen nire pertsonai faboritoetako bat. Umeendako adaptazioak irakurri nituen lehenik eta behin, eta adinaz aurrera nihoalarik, liburu mardulagoak. Gure heroia famatua egin zen aberatsei dirua kendu eta pobreei itzultzen zielako. Gaurkoan ez datorkigu dirua banatzen. Ez, niri deus gutxi kentzen ahal dit zuei banatzeko. Hortaz, tratu bat egin dugu, eta bere laguntzaz, bertze aberastasun mota bat zabalduko dugu, ezagutzaren aberastasuna. Konkretuki, orbital bat zer den azalduko dugu. Robin Hood hau egiteko kapaza ez dela uste duzue?
Robin Hood pertsonaiaren pelikula dexente egin dira, batzuk modernoak. Baina, nire ustez, 1938. urteko Errol Flynn-en bertsioa onena da. Behintzat, niri gehien gustatzen zaidana. Ondoko bideoan ikusten ahal duzue gure heroia diana erdian zegoen gezia erditik nola moztu zuen. Oso ona zen bera arkuarekin, oso trebea. Baina, trebezia honetaz gain, proeza hau lortzeko beste motiboa zeukan. Saria, berak maite zuen Lady Marian-ek banatzen zuen. Hortaz, maitasuna oso boteretsua dela ikasten ahal dugu honekin, baina, ahalguztiduna da? Hau da, maitasuna dela medio, edozer gauza lortzerik dugu? Gaurkoan, gure jaurtitzaile trebeari proba berri bat jarriko diogu. Zailetan zailenetakoa. Robin Hood hidrogeno atomoan dagoen elektroiari geziarekin emateko kapaza izanen litzateke?

Lady Marian-en bizitza arriskuan dago. John Printzea ziega batean sartu du, Richard Lehoi-Bihotz Erregearen jarraitzailea delako. Bertatik ateratzeko, gure Robin Hood-ek aukera bakarra du: ziegaren atea irekitzeko, ondoan dagoen hidrogeno atomoaren elektroiari eman behar dio (suposatuko dugu gure heroiaren tamaina txikitu dugula hau "posible" izateko). 

Azter dezagun, lehenik eta behin, bere aukerak. Gogora dezagun, lehenik eta behin, hidrogeno atomoaren espektroa deskribatzen zuen lehenengo modeloa, Bohr-en modeloa, alegia. Modelo honen arabera, atomoaren erdian nukleoa dago, bertan masa gehiena kontzentratuta dagoelarik, eta honen inguruan, elektroiak bueltak ematen ditu, ongi definitutako orbita batean (eguzki-sistemaren modeloaren antzera). Beheko irudian, diana baten eta Bohr-en modeloaren antzekotasuna ikusten ahal duzue.






Modelo honen arabera, elektroiaren posizioa eta abiadura jakinik, Robin Hood-en trebezia bikaina kontutan hartuta, suposatzen ahal dugu elektroiari geziarekin emateko gai dela. Hortaz, Lady Marian pozik egon daiteke, bere maiteak salbatuko duelako. 

Baina...... Olentzeroren eskutik ikasi genuen aurrekoan Heisenberg-en ziurgabetasun printzipioaren arabera, ezin dugula elektroiaren posizioa eta abiadura aldi berean jakin. Jakin dezakeguna zera da, espazioko zonalde batean aurkitzeko probabilitatea. Eta hori da azken finean Orbital bat: elektroia aurkitzeko probabilitatea %95 den espazioko zonaldea. Espazio horren barruan, elektroia aurkitzeko probabilidadeak desberdinak dira. Nukleotik oso gertu txikiak dira, eta bertatik urrunduz, handitzen doaz distantzia jakin batean probabilidade maximoa izan arte. Distantzia luzeagoetara, probabilitatea zerorantz jeitsiz doa. Probabilitate maximoa duen distantzia, Bohr-en orbitaren distantziarekin koinziditzen du! Bohr ez zebilen horren gaizki bere hidrogeno atomoaren modeloarekin, baina Heisenberg-en ziurgabetasun printzipiorik gabe, ezin zuen guztiz asmatu. Baina, noski, Bohr-en modeloa Heisenberg-ek bere printzipioa enunziatu baino 14 urte lehenago proposatu zen. Ondoko bideoan, Schrödinger ekuazioak emandako soluzioa (Heisenberg-en printzipioa kontutan hartuta) eta Bohr-en modeloaren arteko lotura ikus dezakezue.

Buelta gaitezen orain gure Robin Hood eta Lady Marian-en arazora. Hidrogeno atomoaren modelo kuantikoaren arabera, ezin dugu ziurtatu Robin Hood-en geziak elektroiari emango dionik. Nahiz eta bere trebezia oso handia izan... bakarrik probabilitatea jakin dezakegu. Lady Marian-en etorkizuna, beraz, ez dago Robin Hood-en trebeziaren menpe bakarrik! Gure istoriotxo hau fikzioa denez, bakoitzak erabaki dezala bere bukaera. Zuek zer nahiago, Robin Hood-ek Lady Marian askatu ala ez?

Teoria kuantikoaren probabilitasunak zientzilari askori ez zitzaion gustatu, horren artean, Einsteini. Eztabaida luzeak, sakonak eta fundamentalak egon ziren (eta daude) honen inguruan, eta kuantikaren interpretazioa oraindik ez da itxita dagoen liburua. Baina, honen inguruan, aurrerago hitz eginen dugu.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.





4 iruzkin:

  1. "Zuek zer nahiago, Robin Hood-ek Lady Marian askatu ala ez?"

    Duda barik, aska dezala neska, ziega baten dago eta. Baina... ikusirik Hood-ek "askatasuna" lortzeko oinarriak probalitatean eta ziurgabetasun printzipioan daudela, nik neuk Mariani gomendatuko nioke azter ditzala berak ziegatik irtetzeko dituen aukerak.
    Biek dituzten probalitateen konbinazioaz, agian aukera gehiago helburua lortzeko.
    Izan ere, Hood-en aukerak aztertu dituzu, baina zeintzuk dira Lady Marianenak?

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ikuspuntu ona Uxune!

      Planteamendu kuantiko honen arabera, Marianek ezin du deus egin. Hori bai, ziegako alguazilari arkua kendu, eta berak jaurti dezake gezia ere bai! Argi dago, istorio honetan kuantika alde batera utziz, Marianek bere kabuz salbatzen ere saiatu beharko litzatekela. Bakoitzak bere esku dagoen guztia egin behar du, egoera honetan ala bizitzak jartzen dizkigun beste egoeretan ere bai.

      Garaiko pertsonaiek rol bat betetzen zuten, eta gehienetan gizonak pertsonai "aktiboak" ziren, eta emakumezkoak "pasiboak". Lizentzia hartu dut istorio kuantikoa kontatzeko, eta barkatuko didazue. Hau esanda, garbi eduki nire ustez pertsona denek "aktiboak" izan behar direla, eta printze urdinaren istorioekin ez natorrela bat. Emakumezkoek ez dute "salbatuko" dituen gizonaren zai egon behar, bere burua "salbatzen" aktiboki parte hartu behar dute.

      Zeintzuk dira Lady Marianen aukerak? Istorio honetan, libre gelditzeko modu bakarra elektroiari ematea denez, lehen esan bezala, nolabait arku eta geziak lortzen saia daiteke. Beste aukera, alguazilari bera errugabea dela sinistaraztea, eta honek atea irekitzen saiatzea. Zenbat eta jende gehiagok gezia bota, aukera gehiago. Beste posibilitateak, zuen imajinaziorako utziko ditut!

      Ezabatu
    2. Beno, bada zeozer, plateamendu kuantikotik at bada ere. :-) Orain, elektroiari ematen dago koska.
      Istorio polita!


      Ezabatu
    3. Eskerrik asko Uxune! Hurrengorako, istorioetan pertsonai guztiak "aktiboak" egiten saiatuko naiz! ;-)

      Ezabatu