2013-11-07

#KulturaZientifikoa zuhaitza sarean haziko?

Irailaren 25ean, #KulturaZientifikoa ekimena burutu genuen sarean. Jakintza arlo desberdinetako irakasle eta ikasle (hezkuntza esparru desberdinekoak), ikertzaile, kazetari, dibulgatzaile, zientziazale, etab, bildu ginen #KulturaZientifikoa lorearen inguruan. Egun horretan, gure loretxoa ernaldu eta fruitua eman zigun sarean. Fruitu honek, euskal sarean hazi nahi du, #KulturaZientifikoa zuhaitza emateko. Lagunduko al diogu? Baiezkoan nago ni, ezta? Sarrera honetan, #KulturaZientifikoa ekimenaren jarraipena gertu dugula azaldu nahi dut, eta animatu nahi zaituztet ekimena prestatzen laguntzeko eta parte hartzeko.

Zuhaitzak mantso hazten dira. Gurea ere, mantso haziko da agian, baina sendo, beheko bideoko zuhaitza bezala.



Zuhaitzak enbor sendoa izanen du, #KulturaZientifikoa. Sustrai indartsuetan oinarri izanen du, Jakintza Arlo desberdinak (Twitter-eko ekimenan bezala). Enborretik sortzen diren adarrak gu izanen gara, arlo desberdinetan dihardugunok. Hezkuntzan (Unibertsitate, Bigarren zein Lehen Hezkuntza), Ikerketan, Dibulgazioan, Katalogazioan, Kazetaritzan, Liburutegietan etab dihardugunok osatuko ditugu adarrok, eta adar desberdinek emandako fruituak (behintzat batzuk) saski amankomunean bilduko ditugu, guztion artean konpartitzeko, eta elkarrekin gizarteratzeko.

Baina, zein izanen da fruituak biltzeko saskia? Zein formatotan emanen diogu indarra gure zuhaitz birtuala? Nire ustez, Twitter-eko egun puntual hartan egindako ekimenari, bertze ekimen sendoago batek hartu behar dio testigua. Idei sinpleen inguruan sortu behar dugun ekimena, partaidetza bultzatzeko, hau da, enborretik adar asko sortzeko.

Eskema baten zirriborroa eginda nuen, marrazki bat, esandako guztia laburbilduz. Marrazten txarra naiz oso... eta ez naiz eskaneatzen ausartu. Saiatuko naiz nire trebezia artistikoak hobetzen hurrengorako. Hala, hobe, trebea den norbait animatzen bada... zirriborroa pasa eta ea marrazki ederra egiten digun!!! Norbait ausartzen??

Datorren astean, dokumentu ireki batean laburbilduko dut hainbat eragilerekin bildu eta gero luzatuko dugun proposamena. Baina, proposamena ez da itxia, zuen ideiak ere bertan plazaratu ditzakezue. Gainera, ekimena aurrera doan heinean forma definituagoa hartuko du, azken finean, bidea eginez, forma emanen diogu guztion artean. Hori dela eta, sareratuko dugun ekimenak horrelako idei sinpleetan oinarrituko da.
  • Ekimen irekia: nahi duenak parte hartzeko.
  • Ekimen zabala: esparru anitzeko jendea biltzeko.
  • Erreza: esfortzu txikia eskatzen duena.
  • Denboran zabala: egun bateko ekimena ez da izanen, #KulturaZientifikoa egunero lantzen dugun gauza baita.

Dokumentuan, nahi duenak egin dezake kontribuzioa, eta bere atxikimendua gehitu. Pertsonalki, ala erakunde moduan. Horrela, adosten dugunean, denon ekimena izanen da. Eta garbi eduki, ez izan inolako dudarik iniziatiba hartzeko, eta mezua zabaltzeko. Kontatuiozue auzokoari, fruta saltzaileari, kuadrilakoei, lankideei, ikaskideei... Zuhaitz hau, #KulturaZientifikoa zuhaitz birtuala, denon artean bihurtuko baitugu erreala.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina