2014-06-05

Mikrouhinen musika

Aitzol Torregarai, Juankar Solis, Andoni Zabala


Zenbat aldiz entzun ditugu honelakoak: “Uretara sartu aurretik krema eman!”, “UBA izpiak hartzera noa kolorea hartzeko”, “Ez erabili mugikorra patrikan, kalte egingo dizu”... Zer dute esaldi horiek amankomunean? Erradiazioa. 


Erradiazioa uhin oszilakor formako energiaren hedapena da. Ia seguru denok entzun izan dugula eguzkiak izpi mota desberdin ugari bidaltzen dituela, esate baterako: X-izpiak, infragorriak, ultramorea... Erradiazio mota horiek guztiek duten desberdintasuna energia da. Lehen esan bezala, forma oszilakorra duen energiaren hedapena da erradiazioa:



Erradiazio desberdinek izan dezaketen energia desberdintasuna alderatzeko termino bat ezagutu behar dugu: λ uhin luzera. Irudia ikusten den bezala, uhin luzera bi maximo edo bi minimoren arteko distantzia da (bi tontor arteko distantzia). Distantzia hori zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta energia gehiago du erradiazioak. Gu kasu honetan energia gutxikoan zentratuko gara, hots, mikrouhinetan. 

Materia, orokorrean, molekulez osatuta dago eta molekula horiek mugitzen ari dira denbora guztian noski. Horretaz gain, gu abiadura desberdinetan mugi gaitezkeen bezala, molekulak ere abiadura desberdinetan mugi daitezke. Hala ere, guk ezagutzen dugun mundu honen eta molekulen munduaren arteko desberdintasun txiki bat ere ezagutu behar dugu: guk gure mugimendua era jarrai batean alda dezakegu, hau da, korri egitera joaten garenean, daukagun nekearen edo gogoen arabera erritmo mantsoago edo azkarrago bat aukera dezakegu. Gure erritmo mantsoa 5 km/h izan daiteke eta azkarra 10 km/h, baina horrek ez du esan nahi 7 km/h-ra ezin gaitezkeenik joan. Molekulek, ordea, ez dute aukera hori. Izan ditzaketen abiadurak kuantizatuta daude. Zer esan nahi du horrek? Esaterako, mantso edo oso mantso mugi daitezke, baina tarteko ezer ez. Edo azkar eta oso azkar mugi daitezke. Denok ulertzeko, 5 km/h-ko edo 10 km/h-ko abiaduran mugi daitezke, baina ez 7 km/h-koan. 

Molekulen dantza

Molekulek dantza egiten dutela esan dezakegu, eta beraien musika mikrouhinak direla. Gainera, molekulak gizaki batzuk bezela, gorrak dira, hau da, ez dute entzuten mikrouhinen musika, polarrak izan behar dute musika entzun ahal izateko. Musika hau testuaren hasieran aipatutako erradiazioa da. 



Pentsa dezagun gure molekulak gela itxi batean daudela. Momentu horretan guk gelaren kanpoan dagoen botoi bati eman diogu eta bapatean musika hasi da gela horren barruan. Zer egingo zenukete zuek haien lekuan? Dantza egin noski! Ba molekulen joera berdin-berdina da. Hala ere, gurekin gertatzen den bezala, entzuten dugun musikaren arabera ez dugu modu berdinean dantzatzen. Botoia sakatu dugun unean gelan molekulek entzuten duten musika valse-a dantzatzekoa da, beraz, mantso mantso mugituko dira. Beranduago, berriz ere botoiari ematea okurritu zaigu eta oraingoan parranda giroko musika hasi da. Ondorioz, molekulak oso azkar hasi dira dantzan. 

Horixe da ba mikrouhin labe batean gertatzen dena. Guk gure elikagaiak mikrouhin labean sartzen ditugunean mikrouhin erradiazioa igortzea eragiten dugu, hau da, molekulen musika. Momentu horretan, mantsoago mugitzen ari ziren molekulak dantzan hasi dira. Hori dela eta, molekulen artean gero eta talka gehiago gertatzen hasiko dira, gero eta azkarrago ari baitira dantzan. Hori da azken finean gure elikagaia berotzea eragiten duena. 

Molekula gor gaixoak


Lehen esan bezala, molekula batzuk gorrak dira eta ez dute entzuten guk ezarritako musika. Ondorioz, ezin dute dantzarik egin. Aipatu dugun bezala, musika entzuteko gai diren molekulak polarrak dira, esate baterako ura. Elikagai gehienek ura dutenez, orokorrean, mikrouhinetan sartzen duguna berotuta ateratzen da. Dena den, mazapan bat sartzen badugu ez da berotuko. Ez baitu mikrouhinen musika entzuteko gai den molekularik.

—————————————————–
Egileak: UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikasleak. "Kimika Fisikoa II" irakasgaiaren baitan egindako lana.
 —————————————————–KZJaia2
Sarrera honek  #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina