2012-11-29

Zer da Metodo zientifikoa? Eta Teoria zientifikoa?


Lehenik eta behin, goazen kontzeptu bat garbi uztera: Teoria bat, zientifikoa izateko, metodo zientifikoa jarraituz eraiki behar da. Hau da oinarria. Baina beno, zer da metodo zientifikoa? Zertan oinarritzen da? Bi kontzeptuetan oinarritzen da: Behaketan (esperimentazioan) eta gezurtagarritasunean oinarritzen da. Baina noski, edozein pertsonak, egunean zehar, gauza askotan fijatzen da. Noski, galdera konkretu bati erantzuna bilatu nahian egindako behaketaz ala esperimentuetaz ari gara hemen. Goazen ikustera adibide sinple batekin nola funtzionatzen duen honek.

Podcast-a entzuteko sakatu hemen

Egin dezagun denboran atzera, duela 600 urte, Nafarroako erresuman. Erreinuko posta zerbitzuko burua nintzen garai hartan. Zaldiak erabiltzen genituen posta Iruñeatik erreinuko beste hirietara eramateko. Dakizuenez, zaldiek sprint batean abiadura handia har dezakete, baina gure posta zerbitzuko zaldiek erritmo jarraia eta mantsoagoa eraman behar zuten, denbora optimizatzeko. Erreleboak Iruñetik 20 kilometrora genituen, norantza guztietan, eta gure zaldiek 20 kilometro horiek ongi egiteko, 20 km/h abiaduran joaten ziren. Beti. Arras ongi entrenatuta baizeuden.

Erregeari bazkari ederrak antolatzea asko gustatzen zitzaion, eta posten burua izanda, gehienetan gonbidatzen ninduen. Erregea ez zen oso ilustratua, baina harroa bai. Errege gehienek bezala, ego handia zuen. Bere burua oso azkartzat zuen, eta beti besteen gainetik geratzea nahi zuen. Horrelako bazkari batean, ardo dexende edan ostean, zera esan zidan:

- Baietz asmatu zenbat denbora tardatu zure zaldi batek hemendik Irurtzunera! Apustu bat luzatzen dizut. Astebete daukagu biok erantzuna asmatzeko, eta zuk irabazten badidazu, soldata igoko dizut. Baina galtzen baduzu, erreinutik alde egin beharko duzu. Hori bai, ezin dugu, ez zuk ez nik, bidai hori egiten duen inorekin hitz egin. Bestela, erantzuna emango digu!

Gure erregea, errege guztiak bezalaxe, horrelakoa zen, pixka bat kapritxosoa. Baina noski, erregea zen, eta nik ez nuen erreinutik alde egin nahi! Lehenengo eguna pixka bat desesperatua pasa nuen, ezin pentsaturik. Baina bigarrenean, agian bildurrak xaxatuta, ideia bat izan nuen. Iruñea eta erreleboak dauden hiri guztien artean distantzia bera dago! Hortaz, ikusiko dut zenbat tardatzen duen erreleboak beste hiri batera joaten.

Pentsatu eta egin. Lizarraldera joaten, Gares inguruan zegoen lehen erreleboa. Hara joaten zen erreleboarekin hitz eginda, zera esan zidan:

- Iruñetik Garesera ordu bat tardatzen dut.

Ederki! Pentsatu nuen. Seguraski, Garesera ordu bat tardatzen badu, Irurtzunera denbora berdina tardatuko du! Baina noski, ziur egon behar nintzen. Ezin nuen apustua galdu, bestela erreinutik alde egin beharko nuke... Hau dela eta, Zangoza aldera joaten zen erreleboarekin mintzatu nintzen. Berak berdina esan zidan, ordu bat tardatzen zuela... Ea! Bikain! Ziurrago egoteko, beste norantza guztietako erreleboei galdetu nien, eta denek berdina erantzun zidaten, ordubete tardatzen zutela, alegia. Hortaz, datu guztiek berdina esanda, ia ziur nengoen. Honi bueltaka nenbilela, hurrengoaz konturatu nintzen: Ordu bat, eta 20 km zati 20 km/h berdina zela! Beste modu batera esanda, denbora eta distantzia zati abiadura gauza berdinak zirela! Formula matematiko hori, t=s/v, niretzat gorde nuen.

Astea pasa zen, eta apustua nork irabazten zuen ikusteko eguna heldu zen. Hitz egiten lehenengoa erregea izan zen, noski.

- Hemendik Irurtzunera, baietz ordu eta erdi tardatu! Zenbat esaten duzu zuk?
- Ordu bat, justu.

Apustua irabazi nionean, erregea biziki haserretu zen. Denetarik deitu ninduen, eta urkatu behar ninduela esan zidan, tranpa egin nuelako. Baina azken aukera bat ematen zidala, borondate oneko erregea zelako. Galdera zaila asmatzen banuen, libre geldituko nintzen, noski, soldata igoera gabe. Onartu besterik ezin nuen egin! Eta erregeak zera bota zidan:

- Gure zaldiak oso indartsuak dira, eta erritmo berdina eramaten, badakizu hiru orduz korritzeko gai direla. Asmatu, zuk uste Iruñetik aterata, gure zaldietako bat Leitzaraino helduko dela gelditu gabe? (Leitza, garai hartako bideetatik, Iruñetik 70 km-ra zegoen). Nik uste dut baietz. Minutu bat duzu zure erantzuna emateko.

Besteen aurpegian izua ikusten zen. Nola asmatuko du gaixoak? Denek zintzilikatuta ikusten ninduten. Baina jendearen izua eta erregearen haserrea areagotu egin zen nire erantzuna entzutean:

- Ez, ez da helduko, Ez da Uitzira helduko ere ez (Uitzi Leitzatik 8 km-ra zegoen). 

Inork ez zekien, baina nik buruan zera egin nuen: t=s/v, hortaz, s=vt=20 x 3= 60 km. Uitzi Iruñeatik 62ra dago, hortaz, ez da Uitzira helduko ere ez.

Gure postaria atera zen Iruñetik, eta noski, Uitzitik gertu zaldiak pott egin zuen. Erregea enteratu zenean libre utzi ninduen, haserre bizian hori bai.


Fijatu gaitezen orain istorio honetan zer gertatu zen:

1. Galdera bat planteatu zen (zenbat tardatu Iruñetik Irurtzunera?)
2. Esperimentu bat egin zen (ikusi zenbat tardatu Garesera)
3. Hipotesi bat luzatu (berdin tardatuko dute Garesera eta Irurtzunera)
4. Esperimentu gehiago egin, hipotesia konprobatzeko (ikusi beste hirietara zenbat tardatu).
5. Hipotesia baieztatuta, Teoria luzatu (t=v/s). (Ezeztatuko balitz, 3. puntura buelta)
6. Teoria gezurtatu ala egiaztatzeko esperimentua (ea zaldia Leitzara helduko zen)
7. Egiaztatzen bada, Teoriarekin jarraitzen dugu, gezurtatzen bada, 3. puntura buelta.


Ba horrela funtzionatzen du metodo zientifikoak. Aipatu gabeko puntu bat dago goian, eta zera da, planteatzen diren esperimentuak beste norbaitek burutu ditzake berriro, emaitza berdina lortuz. Garbi dago, istorioan, denak ados zeudela lortutako datuekin. Noski, hau sinplifikatuta dago, eta honen inguruan norbaitek gehiago sakondu nahi badu, eboluzio historikoa eta filosofikoa aztertzeko, begira dezake web orrialde hau, bertan informazio eta erreferentzia gehiago topatuko baititu.


Metodo honek inplikazio filosofiko handiak inplikatzen ditu. Ez naiz honetan sakon sartuko, baina azpimarratu nahiko nuke puntu bat. niri oso garrantzitsua iruditzen zaidana. Fijatu zaitezte, Teoria bat errefutagarria izan behar da, eta honek adierazi nahi du Teoria batek, nahiz eta hasiera batean oso popularra bihurtu, ez dela zertan egia izan behar. Zientzian, egia absolutorik ez dago. Eta hori Teoria proposatu duenak ere onartu egin behar du. Hau pertsonen egoentzat ez da onartzeko erraza. Eta zientzilariak, pertsonak diren heinean, ego handiak izan dezakete, eta beraien teoriak errefutatuak direnean, ez dute onartu nahi, eta arazoak sortzen ahal dira. Honek beste ondorio batera eramaten gaitu, ez bakarrik zientziarako garrantzitsua dena, bizitzako esparru guztietarako ere bai: umiltasuna oso garrantzitsua da.

Bukatzeko, hurrengo post-etarako bidea ireki nahiko nuke. Gaur egun, denok ederki dakigu s=vt dela, higidura zuzen uniformean. Baina duela 600 urte, hau ez zen ezaguna! Teoria hau beste teoria handiago baten barne dago, Mekanika Klasikoa. Newton izan zen Teoria hau garatu zuena, XVII. mendean. XIX. mendean, beste teoria Klasiko bat garatu zuen Maxwell-ek: elektromagnetismoa. Fisikariek, orduan, uste zuten munduan gertatzen ziren fenomeno guztien azalpena bazutela bi Teoria hauen bitartez. Urteak pasa ahala, esperimentu guztiek Teoria hauek konfirmatzen zituzten.  XX. mendearen hasiera arte! Baina istorio hau, hurrengo baterako utziko dugu!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina