Nire bide kuantikoak

Nire nondik norako kuantikoak kontatuko ditut hemen, laburki. Iruñean jaio nintzen 1975. urtean. Hortaz, hor nabil, ez gazte ez zahar, hala biak batera, ikuspuntuaren arabera, Schrödinger-en katua bezala. Nire haurtzaroan eta gaztaroan Irurtzunen eta gero Barañainen bizi izan nintzen, baina denbora asko Imotz bailarako herri txiki polit batean pasatzen nuen, nire aiton-amonaren etxean, Erason (beheko irudietan, herria eta etxea ikusten ahal dituzue. Ederrak ezta?). Bertakoa kontsideratzen dut nire burua. Horrela, egun batean 18 urterekin...


Eraso herria, Erga mendira igotzeko bidetikAiton-amonen etxea


















Kimika ikastera!

... Donostiara joan nintzen Kimika ikastera. Bi arrazoi nagusi izan ziren erabaki hau hartzeko. Lehenik, Iruñean Kimika ikasteko, Nafarroako Unibertsitatera joan behar zen (opusekoa) eta bigarrena, garbi nuen euskeraz ikasten jarraitu nahi nuela. Hezkuntza Publikoaren aldekoa naizenez, Donostiara mugitzea erabaki nuen, bertan euskeraz ikasten jarraitzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatera, konkretuki.


UPV/EHU-ko Kimika Fakultatea



















Mundu berri bat ireki zitzaidan bertan, lagun berriak, esperientzia berriak. Eta horrela, karrerako hirugarren mailan nengoenean, espezialidadea aukeratu behar nuenean, atzerrira Erasmus moduan joateko dudarik ez nuen izan. Nik Kimika Kuantikoa egin nahi nuen, oraindik hau ikastera bultzatu ninduten arrazoiak oso garbiak ez eduki arren. Baina antzematen dut zein izan zen arrazoi nagusia. Zergatik? galderari erantzunak bilatzea nahi nuen, eta Kimikan, galdera honi sakonki erantzuten saiatzeko, Kuantika pixka bat jakin behar da. Hortaz, fakultateko Erasmus koordinatzailearengana jo nuen, Joxepirengana, eta hark dudik gabe esan zidan: "Kuantika ikastera Utrecht-era (Holandara!), eta hitz egin Jesus Ugalderekin".

Herberehetara!

Eta hori egin nuen nik. Lehenik eta behin, Jesus Ugalderekin mintzatzera joan nintzen. Kimika Fisikoko klaseak ematen zizkidan garai hartan Jose Mari Elortzarekin batera. Eta Jesusek zera esan zidan: "Joan zaitez, asko ikasi, eta bueltan mintzatuko gara". Hortaz, 1996ko irailean maleta hartu eta Utrecht-era joan nintzen. Esperientzia zoragarria izan zen. Gogorra hasieran, nire ingelera maila gramatikala ona zen, baina ahozkoa eta entzumena... desastre hutsa! Beharrak eraginda, asko hobetu nuen nire ingelera, eta neerlandera pixka bat ere ikasi nuen. Eta Kuantika ere. Bi urtez Utrecht University-ko Kimika Teoriko taldean egon nintzen, eta Kuantika asko ikasi nuen (eta beste asko ez, zorionez), baina ez bakarrik hori. Ikerketa zientifikoa egiten ere ikasi nuen. Bertan egindako lana izan zen nire lehenengo publikazio zientifikoa. Bertan ikasitakoa eta bizitakoa ez dut inoiz ahaztuko.

Utrecht hiriko zentrua. Dom dorrea atzealdean.Utrecht Unibertsitateko Eraikin Nagusia (XVIII. mendekoa)








Tesi garai zoriontsuak

Jesusi kasu eginez, bertan bukatzean berarekin hitz egitera joan nintzen. Doktoradutza egin nahi nuen. Ikerketako birusa kontajiatuz gero, jai daukazu, ezin sendatu. Eta nire bizitza bide horretatik jarraitzea erabaki nuen, Jesusek bere taldeko atea irekita. Horrela, Jesus Ugalderen taldean doktoradutza egiten hasi nintzen. Jesusen eskutik izandako formazio zientifikoa itzela izan zen. Talde-lana, konfidantza, aukerak, eta tratu pertsonal zoragarria aurkitu nuen taldean. "Tesi Europearra" egiteko aukera izan nuen ere bai. Horretarako, Cambridge-n hiru hilabete eman nuen, Cavendish Laboratory-n. Izugarrizko lekua! Cambridge-n, Newton, Maxwell, Thompson, Watson eta Crick, eta beste hainbat zientzilari garrantzitsu lan eginak dira. Gaur egun, Stephen Hawking han dihardu lanean! Bertan lan egiteko aukera izatea, izugarrizkoa izan zen niretzat! Beste taldekide gehienek ere aukera izan dute Tesi Europearrak egiteko, atzerrian egonaldiak eginez, eta Tesia atzerriko hizkuntz batean idatziz eta defendatuz (euskararekin batera). Taldeko izpiritu honek oraindik dirau. Jesusek guregan landatutako hazia fruituak ematen jarraitzen du gaur egun ere.


Cavendish Laboratory-ren sarreran, gaztea nintzenean!Cambridge University-ko King's College (XV. mendekoa)





















Azken urteetan


Tesia 2002. urtean defendatu nuen (hemen duzue pdf-a, norbait ausartzen bada...) , eta post-dok moduan beste bi urtez jarraitu ondoren, 2005ko urtarrilan maleta berriro hartu eta Suediara joan nintzen bi urtetarako. Bertan, Örebro University-n beste post-dok bat egin nuen, biofisika kuantikoaren inguruan. Post-dok hau bukatuta, Donostiara bueltatu nintzen. 2009tik aurrera, Ramon y Cajal kontratu batekin nabil, Jesus Ugalderen taldean berriro. Ezin pentsatu leku egokiagorik lan egiteko. Lan giro ederra, beste familia bat daukat hemen. Eta oso gustora, esparru asko lantzeko aukerak ditudalako. Alde batetik ikerketa zientifikoa (nire lanaren zatirik handiena), eta bestaldetik dozentzia (lan oso-oso atsegina eta aberaskorra) eta burokrazia (lan ez-atsegina baina egin behar dena...). Taldea ere Donostia International Physics Center-eko kidea da, eta zentzu horretan, DIPCko kide naiz ere. Ohore eta plazer handia da niretzat, aukera ematen didalako ikertzaile eta pertsona izugarriak ezagutzeko. Lan kontuak ikusi nahi badituzue, segi honera. Eta bukatzeko, dibulgazio blog hau egiteko aukera dudalako. Ikasitakoa konpartitzeko, eta konpartitzen eta konpartituz ikasteko.


Örebro Unibertsitateko Campusa





















Donostia International Physics Center



























Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright. Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina