2013-07-23

#KulturaZientifikoa zehazten

Maldan behera eta frenorik gabe datorren elur-bola bezala, horrela datorkigu gure #KulturaZientifikoa Twitter-eko ekimena. Ekimenaren ideia proposatu zenetik, atxikimenduak eta parte hartzea gero eta zabalagoa da. Eta zabaltzen joanen da gainera! Ez eduki inolako dudarik, lagunok, arrakastatsua izanen dela gure ekimena, denon parte-hartzearekin. Elur-bola Hiru Errege Mahaiatik behera abiatu zen, eta bere bidean handituz joan da, atxikimenduen ondorioz. Elur-bola hau xuabe-xuabe helduko da behera, euskal gizartean #KulturaZientifikoa zabaltzeko

Ekimen hau duela bi hilabete inguru abiatu zen, eta gero, konkretatuz joan da, lehenbizi ekainaren hasieran eta gero ekainaren erdialdean. Gaurkoan, ekimenaren inguruan berriak azaltzera natorkizue, eta noski, zuen eritzia eta iradokizunak eskatzera. Denona baita ekimen hau.

Ekimenaren nondik norakoak

  • Traola (hashtag)#KulturaZientifikoa izanen da.
  • EgunaIrailaren 25an. Euskal Zientziaren historian hitoa markatu zuen gertaera hilabete honetan izan zen, hau da, Elhuyar anaiek Wolframioaren isolaketa publikatu zuten hilabetea. Gertaera hau aukeratu genuen tuitelariok ekimena egiteko. Hala ere, kontutan hartu behar dugu Naukas ekimena Bilbon irailaren 27-28an dela eta Quantum13-Passion For Knowledge irailaren 30an hasten dela. Bi ekimen hauek Kultura Zientifikoa gizarteratzeko ekimen garrantzitsuak dira. Hori dela eta, nire proposamena Twitter-eko ekimena lehenago egitea da.
  • Ordua: Kontutan hartuta jende askok lan orduetan txiokatuko duela, baina beste askok etxetik, lanetik kanpo, nire proposamena hau da: Goizetik, 9:00tan txiokatzen hastea, eta egun osoa izatea ekimenerako, gaueko 00:00 arte. Horrela, nahi bezain beste jendek parte har lezake. Gainera, ekimena luza genezake, #KulturaZientifikoa Trending Topic mantenduz, Naukas ekimenari, eta gero Quantum13 ekimenari testigoa pasatu arte. Zer iruditzen zaizue???

Ekimenaren helburuak

Hasiera batean, ekimenak helburu bakarra eta sinplea zuen:
  • Euskal tuitelarien artean, zientziarekin erlazioa duen hashtag bat joera nagusia bihurtzea
Eta hau... Zertarako? Zientzia eta Kultura Zientifikoa euskal gizartean zabaltzen jarraitzeko. Eta ez bakarrik hori, lan horretan batu gaitezkeenak elkartzeko. 

Horrela, gerora begira egin daitezkeen ekimen gehiagoren aurrean, gure berri izatea eta saretzea lortzea da ere bai ekimen honen helburua. Elhuyar Fundazioa oso interesatuta dago honetan, eta niri ere oso interesgarria iruditzen zait. Hori dela eta, ez harritu "#KulturaZientifikoa" Twitter-eko ekimen honetaz aparte ikusten baduzue. Oso garrantzitsua iruditzen zait ekimen honetatik haratago egin daitezkeen gauzak.


Nortzuk gara, momentuz?

Twitter-en ideia zabaldu zenetik, hainbat tuitelarik adierazi zuten bere parte hartzeko gogoa, eta bere aportazioak egin zituzten. Ikerketa eta dibulgazio arlotik ere atxikimenduak egon dira. Horrela, Unibertsitate eremutik, Ikerketa Zentroetatik, CIC-etatik, dibulgazio esparrutik, Zientziarako Fundazioetatik etab hainbatek erakutsi dute ekimen honetan parte hartzeko gogoa. Konkretuki: 
Beste erakunde batzuk ere ekimenean interesa erakutsi dute, hala nola, Euskalerriko Adiskideen Elkarteak. Gainera, Tecnaliako, UPV/EHUko Kimika Fakultateko eta  Informatika Fakultateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta POLYMAT-eko ikertzaile batzuk ere ekimenarekin bat egin dute. Iruñeako Planetariotik ere bere interesa erakutsi dute. Javier Armentia eta Juan Ignacio Perez dibulgatzaileek ere parte hartzeko eta ekimena sustatzeko gogoak ere azaldu dute. Honetaz gain, ni bezalako tuitelari xume asko parte hartuko dugu. Guztiak ezin hemen aipatu. Hori bai, momentuz 50 eragile inguru gara (erakunde zein pertsonen artean). Hemendik, parte hartu nahi duen edozeini, gonbidapena luzatzen diot: Erakunde zein pertsonei, Zientzia kontsumitzaile zein Zientzian lanean diharduenari, arlo publikoan zein pribatuan, Zientzia-Museoei, etab. Zenbat eta gehiago, orduan eta indar gehiago izanen dugu Zientzia eta Kultura Zientifikoa zabaltzeko orduan. Ikasleak, Unibertsitatekoak zein Institutuetakoak, biziki gonbidatuta daude. Beraiek baitira gure etorkizuna. Ikasleen zein ikasle-taldeen parte hartzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Anima zaitezte!

Zer txiokatu???

Tuitelarien profil desberdina kontutan hartuta, lau talde handitan banatzen ahal gara, nire ustez
  • Erakundeak: Zientziaren inguruko Fundazioak, Unibertsitateak, Ikerketa Zentruak, Ikerketa Taldeak, Zentro Teknologikoak, etab.
  • Ikertzaileak, irakasleak, dibulgatzaileak: Zientziarekin kontaktu zuzena dutenak beraien lanean.
  • Ikasleak eta ikasle-taldeak: Zientzia - Teknologiako ikasleak eta ikasle-taldeak.
  • Interesa duen orok: Zientzia eta Teknologia gustoko duten pertsonak, nahiz eta zuzenean honetan lan ez egin. 
Hau kontutan hartuta, talde bakoitzarentzat espezifikoak izan daitezkeen txioen inguruan ondorengo proposamena bidaltzen dizuet hemendik. Beti ere, kontutan hartu hau proposamena dela, eta bakoitzak nahi duena txiokatzeko libre da, Zientzia, Teknologia eta Kultura Zientifikoaren inguruan. Proposamena zabala da, eta zuen eritzi eta proposamenen zai gelditzen gara!
  • Erakundeak: Bere lanaren / ikerketaren inguruan gizarteratu nahi dutena kontatu.
  • Ikertzaileok, irakasleak, dibulgatzaileak: Gure ikerketa, dibulgazioa, dozentziaren berri zabaldu.
  • Ikasleak eta ikasle-taldeak: Ikasten duten inguruko txioak, ala beren aktibitateen inguruko txioak.
  • Interesa duen orok: Zientziaren inguruan gustoko dutena.
  • Guztiok:  Zientziaren inguruan gustoko duguna, eta ez dugu ahaztu behar ekimen honen protagonista den #KulturaZientifikoa -ren garrantziak berak txioen protagonista izatea ere merezi duela!

Aurrerago, ekimenaren data gerturatzen denean, gehiago landuko dugu atal hau, eta bertxiokatzearen (retweet) garrantziaz arituko gara. Kontutan hartu txioak (tuitak) idazteko hizkuntza euskara izanen dela, baina txioetan azaltzen ahal diren estekek ez dutela zertan euskarazko orrialdetara zuzendu behar. Honen inguruan zuen ekarpenak garrantzitsuak dira!

Bukatzeko...

Gaurkoa bukatzeko, ideia batzuk laburtu nahiko nituzke:
  • Zuen eritzia eman, goian azaldutakoaren inguruan ala interesgarria iruditzen zaizuen inguruan
  • Zabaldu zuen mezua interesatuta egon daitezkeen artean. Lanean, ikerketa zentruetan, Fakultateetan, institutuetan, lagunen artean... Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, hobe! Ekimena guztiona da!
  • Iradokizunak, idei berriak, komentarioak, atxikimenduak bidaltzeko, Twitter-en bidez (@TxoniMatxain), blog-ean bertan, ala emailera (jonmattin.matxain@ehu.es) idatziz egiten ahal duzue.

Maldan behera doan elur-bola handitu eginen da hemendik irailera! Malda bukatzean, ordea, ez du deusekin talkarik eginen. Barra-barra, xuabe-xuabe, eroriko da euskal twitter-ean. Beheko bideoan bezala. Twitter Zientzia, Teknologia eta #KulturaZientifikoaz estaliko dugu!








Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina