2013-07-11

Nire "erridikuluak" bidai zientifikoetan



Heldu da garaia, nire zientziako ibilbidean egin ditudan hainbat hankasartze, erridikulu, eta hutsak kontatzeko. Aurrekoan, hori eginen nuela esan nuen zuek, zuen eskaerekin, Jonik eta Elenak idaztea lortzen bazenuten. Jonik proteinak bioaktiboak bihurtzeko jarraitzen zuten bide bat azaldu zigun, baita kuantikak hori ulertzen nola laguntzen digun ere. Hori dela eta, hona nire kontuak. Seguraski gehiago daude, eta hauek nire ibilbideetan gertatu zaizkidan anekdota batzuk besterik ez dira. Batzuk barregarriak (niretzat beno...). Espero zuek ongi pasako duzuela hauek irakurtzerakoan. Batenbat lankideei dagokie... hauek ere itzelak egin dituzte, eta batzuk kontatzeko modukoak dira! Aurrerapen gisa, ondoko irudia duzue... "Rompetechos", bai, gutxi ikusten zuen pertsonaia. Ni halakoa nintzen bistaz operatu aurretik... ala oraindik horrelakoa izaten jarraitzen dut?

Baina, Francisco Ibañez-en pertsonai honen eta nire arteko berdintasunekin hasi aurretik, hizkuntzekin izandako "arazoak" kontatuko dizkizuet. Batez ere nire atzerriko ibilbidea hasi nintzenean. Herberehetan dagoen Utrecht hirian (ikusi argazkia) eman nituen bi urte Erasmus ikasle modura. Bai, 21 urte bete berri nintzenean, atzerrirako txartela hartu nuen, nire ingelera kutrearekin. Horrela...

  • Ulertzeko eta mintzatzeko arazoak: hara helduta, uste nuen ongi moldatuko nintzela ingeleraz. Baina, nire sorpresarako, ez nuen tutik ulertzen askotan... Kolmoa izan zen nire mentorearekin (atzerritar ikasleak laguntzeko prest zeuden bertako ikasleak) telefonoz hitz egiten, galdetu zidanean ea frantseseraz egiten nuen... inglesa ez nuelako dominatzen! Gogorra egin zitzaidan, ez nuelako beste hizkuntzarik beraiekin mintzatzeko. Horrek, espabilatuarazi ninduen!
  • "Hot" hitzaren esanahia (I): Behin, bertako taldekideekin afaria egin nuen. Urteko talde afaria. Hara, eta jatetxe indiar batera joan ginen. Bertan ginela, taldekideen artean hizkuntz nagusia nederlandera zen, normala den bezala. Nik apur bat ulertzen nuen garai hartan. Plater berri bat ekarri zutenean, batzuk ingeleraz abixatu ninduten. "Kontuz, it's very hot". Niri janari beroa bost, eta nuen gosearekin, esan nien niri berdin zitzaidala. Ahora puska bat sartu eta... izugarri pikatzen zuen!!! Hor ikasi nuen "hot" ez dela bakarrik beroa, pikantea ere bai!
  • "Hot" hitzaren esanahia (II): Baina hemen ez da dena gelditzen. Hitz madarikatu honek beste momentu txar bat pasarazi ninduen ere. Nire bigarren urtean, bost neskekin konpartitzen nuen etxetxo bat. Mutil bakarra, ni. Horrela, egun batean unibertsitatetik etxera bueltatu nintzenean, denak han zeuden, mingaina astintzen. Udaberria hasten zela, eta eguraldiak hobera egin zuen. Ni heltzean, ingelerara pasa ziren, eta eguraldi kontuarekin, beroa egiten zuela nahi nuen esan, eta ni normalean oso berotia naizela. "I'm hot" atera zitzaidan, eta denek barre egin zuten. Baina nik txistea ez nuen ulertu... orduan. Lagun bati galdetu nion hurrengo egunean, ea "I'm hot"-ek zergatik barregurea ematen duen... eta zera esan zidan. "Zuk ez diezu esan berotia zarela, esan diezu errez eszitatzen zarela!". Hara, "hot" hitz madarikatuak enbarazutan sartu ninduen berriz...

Hizkuntz kontuekin gehiago gertatu zaizkit, baina denak kontatzeko lekurik ez daukat hemen. Beste bat aipatuko dizuet. Duela gutxi Suedian TheoBio kongresuan egon nintzen, eta arratsaldez, eguneko lanak bukatu ondoren, taberna batean ginen kongresuan ginen euskaldun taldea. Nekatuta nintzen, egun horretan nire txarla izan zen eta erlajatzen ginen. Lehenengo garagardoa bukatuta, mahaitik pasa zitzaigun kamareroa ea beste erronda bat nahi genuen galdezka. Serio-serio, zera erantzun nion: "Pixkat later". Kamareroaren aurpegia, flipatuta. Gaixoak etzuen tutik ulertu. Eta nik, konbentzituta, errepikatu nion berdina: "Pixkat later" "Koño, tipo honek ez du ulertzen ala?" esan nien lagunei. Beraiek parrezka hasi ziren, eta orduan konturatu nintzen, euskinglish-en aritu nintzela! Bernardo Atxagaren "Bi letter..." liburua etorri zitzaidan burura! Nekearen eraginak... 

Nekeak ere beste egoera eta adarjotzeak ekartzen ditu. Kongresuetan (kongresuaren arabera eta ez denetan) parrandak botatzen ditugu, ezagun eta lagunekin topatzen garelako. Lo gutxi eginda, konferentziak, txarlak, posterrak, bilerak etab ditugu, eta horrek, kongresua aurrera joan ahala, nekea areagotzen du. Hori gertatu zitzaidan Mallorkan, ESPA (Electronic Structure. Predictions and Applications) konferentzia batean. Eta nekearen eraginez, buruak ez du ongi pentsatzen... Horrela, egun batean, afaltzeko lekua topatu genuen. Taberna batean sartu, luzea, eta atzeko atetik (ala aurrekotik) atera ginen bertan terraza zegoelako. Izkin batean egokitu zitzaidan lekua, seto bati begira, eta horren atzean, eliza bat edo zegoen. Ni, konbentzituta tabernaren atzeko patioan ginela. Setoa eta eliza artean, oinentzako azera eta kotxeak ziren. Hor ginen ba, nire ustez patio batean. Bapatean, atzetik norbait etorri, buelta eman eta kaletik CDak eta DVDak saltzen ari zen gizon bat ikusi nuen. Joan zenean, besteei komentatu nien: "Joer, nola dago asuntoa, ez? Hauek ere tabernen atzeko patioraino sartzen dira?" Hau esan eta denak barrezka hasi ziren. "Patioa? Txoni! Esnatu! Kalean gaude eta!" Eta hala zen... kalean ginen eta denak barrez... eta ni gorrituta (eta pixkat haserretuta ere, onartu behar dut!).

Nekeak eta bista txarrak eragin didate egoera "lotsagarriak" biziaraztea, bai. Gogoan dut bat baino gehiago, baina Londoneko pub batean gertatutakoa kontatuko dizuet. Bertako Royal Institution of Great Britain-en txarla bat eman behar nuen, eta txarla eta gero, arrats partean, pub horretara joan ginen gonbidatu ninduen mutila, bere neskalaguna eta beste bi-hiru pertsona. Ez nituen ezagutzen aldez aurretik, bakarrik gonbidatu ninduen mutilarekin kongresu batean topatu nintzen. Badakizue nolakoak diren pub hauek, ilunak... eta nik beti arazo berdina nuen pub edo taberna berrietan. Komuna non dagoen jakitea. Bai, bista txarra "dugunok", arazo hauek ditugu. Imajina, gogo handiekin komuna bilatu eta aurkitu ez... arazo txikia dena larria bihurtzen ahal da! Hara, hori gertatu zitzaidan pub-ean. Gogoak handitu... pub handia... iluna... Hitz egiten ginela, esan nien lagunei "Banoa komunera". Eskerrak, esan niela agian topatzea kostatuko zidala. Hasieran etzuten sinisten... baina pareta baten aurka zuzenean joan nintzenean... orduan sinistu ninduten!!!! Beraiek barrezka, eta ondoko jendea pixkat flipatuta, baina nik nire helburua lortu nuen bukaeran! Eta garrantzitsuagoa dena, behar zen lekuan!

Kongresuetan eta beste lekuetan emandako hitzaldietan arazo handirik ez dut izan. Hobekiago ala okerrago, baina aipatzeko gutxi. Imperial College-ko honetan, hala ere, txarlan zehar diapositibetan prestatutako efektuak desagertu zitzaizkidan, txarla linux-eko Office-rekin prestatuta zeuden, eta Windows-en irekitzean, izorratu ziren.. Txarlaren erdian konturatu nintzen, eta... momentu horretan aurrera jarraitu deus pasako ez balitz bezala eta listo. Hori bai, momentuan pixkat gaizki pasatzen da!


Txarletan gauza xelebre handirik etzait gertatu, baina Chairman izanda bai. Duela hiru urte, Austriako herri txiki batean ospatu zuten Simetria-ko erakunde batek bere kongresua. Zientziak eta letrak, musika... barne hartzen dituen erakundea da ISIS. Arkitektoak, kimikariak, matematikariak, biologak, musikariak... etab. Sesio batean, chairman izan nintzen. Goiz osoa hartzen zuen sesioak, eta erdian atsedena genuen: Coffee Break. Atsedenaldia eta gero, kristalografo heldu batek ematen zuen bere hitzaldia. Baina, arazo teknikoak zeuden. Bere txarla emateko, diapositiba aparatua eta ordenadorea behar zuen. Baina, ordenadoretik projektatzekoa etzebilen ongi... Teknikariak saiatu ziren konpontzen, baina etzuten lortu. Diapositiba aparatua ere etzebilen oso ongi, gizon honek bere bizitza osoan egindako diapositibak tamaina desberdinekoak zirelako... Desastre bat. Arazoa konpondu zen antolatzaileetako bat esan zuenean berak pasako zituela diapositibak banan banan. Hizlaria, ordea, etzegoen oso pozik... baina arazo teknikoekin bizi behar gara... Bera ordea, helduegia zen, eta eserita eman behar zuen hitzaldia, hortaz, diapositiba aparatua ezin zuen manejatu... Asuntoa, hasi zen hitzegiten. 30 minutu zituen, besteak bezala. Luzatuz zihoan, eta bost minutu falta zirela, denbora-papera erakutsi nion, konturatu zedin 5 minutu zituela. Ez zidan kasu piperrik egin! Bitartean, antolatzailea berataz kokoteraino zegoela igertzen zen. Mozteko keinuak egiten zizkidan. Ni, erdian... zer eginen zaio. Erabakia hartu nuen, nik bere denbora utziko niola, ez gehiago berak nahi zuen moduan, ez gutxiago, antolatzaileak nahi zuen moduan. Bi minuturen faltan, hitzaldia moztu nion, eta esan nion 2 minutu zituela. Paperari kasurik egiten etzionez... nik moztu behar izan nion. Bronka orduan niretzat izan zen. Etzegoela eskubiderik... eta gehiago. Lasai mantendu eta esan nion, nik sentitzen nuela baina beste hizlari batzuk zeudela bere ondoren, eta horiek ere bere denbora merezi zutela. Etzen batere konforme gelditu, baina txarla 2 minututan bukatu zuen. Egoera atsegina etzen izan, baina batek egoera horien aurrean lasaitasuna mantendu eta egin beharrekoa egin behar du, hizlaria nor den inporta gabe. Doktoradutza hasten ari den pertsona batek ala nobel saridun batek tratu berdina jaso behar dute egoera honetan. Behintzat, hala ikusten dut nik.

Luze joan naiz... eta ez dizuet dena kontatu... baina beste baterako utzi beharko. Esanen dizuet zentsura pixkat egonen dela. Agian, beste batean, Sevillan burutu zen kongresu batean goizeko 8tan tripakiak jaten nola bukatu genuen kontatuko dizuet... Baina hori, Elenak idazten duenean izanen da, hala nahi baduzue noski!




Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.


2 iruzkin:

  1. Aupa Txoni; por que no nos cuentas estas anécdotas cuando nos juntamos la cuadrilla? La del baño me ha conseguido sacar una carcajada. Muy bueno todo. Y no te compares con Rompetechos. Tú , las mozas, el alcohol y la comida bien que las ves

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ikusten duzu David zergatik ez dizkizudan kontatzen, ez? Ez dakit zerk uzten nauen erridikulu handiagoan, nik idatzitakoa ala zure komentarioa!!! :-) jejejeje Baina, zuk euskaraz ere badakizu! Ez moztu motel, ez moztu!!! Euskañol aterako ote zaizun bildur zara??

      Ezabatu