2013-01-28

Klaseak, hedabideak eta blog-a


Blog-a idazten hasi nintzenetik jada bi hilabete pasa dira. Hasiera batean, jendeak (ikasleak barne) kimika kuantikoari irudiko aurpegia jartzen diote. Beldurra emateko modukoa, alegia. Ikasleekin kurtsoa aurrera joan ahala, aurpegi hori aldatuz doa (ez beti!) eta iruditzen zait blog honekin antzeko gauza gertatzen ari dela. Gaur bi hilabete hauen balantze bat egin nahiko nuke, eta jendeak eta hedabideek blog-aren aurrean izandako jarrera azpimarratu nahiko nuke.

Bi hilabete pasa dira jadanik abentura honetan sartu nintzenetik. Azaroko egun horretan nork erranen lidake niri bi hilabete hauetan 3000 sarrera eta hiru irrati elkarrizketa izanen nituenik! Norbaitek horrelakorik erranez gero, zorotzat ala ingenuotzat hartuko nuke. Eta hara, gertatu egin da. Eta hori, jendeak "kimika kuantikoa" entzuterakoan, goiko irudiko monstruo bat ikusten duela. Baina ez bakarrik hori, konturatu naiz izugarrizko kuriositatea dagoela, eta jendeak kuriositate hori asetzeko grinaz dagoela. Noski, ez mundu guztia (kuriositate desberdinak ditugu) baina bai nik uste nuena baino jende gehiagok. Honek anitz pozten nau, eta aurrera jarraitzeko ilusioa ematen dit.


Egia esan, badakit hasiera batean jendeak martzianoak ala beste planeta batetik etorri izan bagina bezala ikusten gaituztela. Hori, orokorrean, estereotipoen errua da. Hala ere, egia da mundu honetan badaudela estereotipo hori gauzatzeko lagundu dutenak. Hala ere, gure lana da estereotipo horiek apurtzea. Mundu honetan lan egiteko jende arraroa ez garela izan behar erakustea gure esku dago. Honen harira, aurreko astean Eguzki Irratian egindako elkarrizketan, aurkezleak (Fertxuk) umore puntuan galdetu zigun programaren atal zientifikoa eramaten duen pertsonari (Aitzol) eta niri ea Big Bang-eko pertsonaien batekin identifikatzen garen. Egia da, horrela ikusten gaituzte! Aitzol ni baino azkarragoa izan zen bere erantzunean. Nik ezetz esan nuen, baina berak baietz, bera Leonard-ekin identifikatzen dela, beti neskarekin bukatzen duelako!

Bromaz aparte, oso pozik nago blog-ak suspertu duen kuriositatearengatik. Normalean, kuantika formula matematikoekin lotzen da, gauza arraro eta konplikatuekin (eta horregatik monstruoaren irudiarekin lotzen da), baina egia da badagoela modurik beste modu batean azaltzeko. Eta hau gure lana da. Azken finean, Kuantika jendearengana gerturatzeko, modu honetan egin behar da. Gure Fakultateko ikasleek, zoritxarrez ala zorionez beraientzat (bakoitzak gauza desberdina esanen du!) kuantika matematikaren bidez ikasi behar dute. Zer esanik ez mundu honetan lan egiten dugunok. Blog hau modu berdinean planteatu izan banu, zuen aurpegiak irudiko neskarenak izanen lirateke.

Zorionez, eta ikasleen laguntzaz, beste modu batean planteatu nuen. Ikasleek ez dakite, baina klasea ematerakoan beraien galderak, dudak, aurpegiak, guretzat oso esanguratsuak dira, eta beren kuriositatea, jakinmina esnatzeko, mila buelta eman behar dizkiegu gauzei. Nola azaldu kuantika modu erakargarriago batean. Norbaitek pentsatzen badu klase batean ikasten dutenak bakarrik ikasleak direla, oso erratuta dago. Ikasleek, hortaz, blog honetan bere meritoa ere badute, eta hor bidaltzen diet merezi duten errekonozimendua!

Hedabideetan ere, ikasleen hasierako aurpegi horiek somatu ditut. Beti, lehenengo galdera antzekoa da. Posible al da kimika kuantikoari buruz ikastea izutu gabe? Eta galdera botatzean, erantzunaren beldur dira. Baina beldurraz aparte, kuriositatea ere badute. Eta galderak erantzun ahala, ikasleak bezala, bere hasierako beldur horiek uxatuz joaten dira, eta kuriositatea bakarrik gelditzen da. Noski, Kimika Kuantikoaren "montruo" izaera bapatean aldatzea ezinezkoa da, baina konturatzen zara orain goiko monstruoa ondoko "monstruo" sinpatikoetan bihurtu dela.

Eta gaur, bi hilabete pasa ondoren, Euskadi Irratiko Mezularia saioan eta Eguzki Irratiko Pasealeku zientzia atalean hitz egin ondoren, iruditzen zait, ikasleak bezala, kazetariak ere (batzuk, bederen) Kimika Kuantikoa beste modu honetan ikusten hasiak direla, eta hasierako bildurra kuriositate bihurtu dela. Zer esanik ez, oso pozik nagoela kazetarien kuriositate horrek Mezularia irratsaiora eramango nauela bihar berriro. Orain arte esparru desberdinetan altxatu den kuriositate hau (sare sozialetan, Euskadi Irratian eta Eguzki Irratian, eta blog hau jarraitzen duzuen artean) mantendu eta sakondu beharra lan itzela iruditzen zait. Nire partetik nire onena emanen dut hori horrela izan dadin, eta azkenean, "Kimika Kuantikoa" entzutean jendearen susto aurpegia beheko aurpegian bihurtu dadin.

Hau seguraski gehiegizkoa da, baina zer demontre, posible izanen ote da? Zuen laguntzarekin, ikasle, kazetari, irakurle etab, nik uste dut baietz. Pertsona bakar batek ikuspuntua aldatzearekin, konformatzen naiz. Bukatzeko, eskerrik asko guztioi, denek egin eta egiten dituzuelako ekarpenak blog hau aurrera ateratzeko, eta niri, idazleari, mezulariari, indarrak emateko. 



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.



4 iruzkin:

  1. Zorionak irratian eduki duzun elkarrizketagatik! Asko gustatu zait! Segi horrela!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Eskerrik asko Fernando! Saiatzen naiz ahalik eta hobekien egiten. Zuek esanen didazue non hobetu eta nola! Eskerrik asko berriro ere!

      Ezabatu
    2. Bai... irratian poz-pozik daude zurekin. Bi irratitan gainera, Radio Euskadin eta Euskadi Irratian. Ni jeloskor jarri naiz (jaja). Serio, ea egunen batean Norteko Ferrokarrilla bisitatzen duzun. Zuk eta Xabik... bi blogarik. Zer diozu? Zer diozue?

      Zorionak, Txoni

      Ezabatu
    3. Willy, zer esanen dugu? Zurekin solasaldian ibiltzea biontzat izugarrizko plazerra izanen da. Zure esanetara gaude! Hortaz, zure deiaren zai gelditzen gara! Hau esanda, bi gauza gehitu nahiko nituzke. Alde batetik, gaur zure argazkia ikusi dudanean Teknalia saria jasotzen izugarrizko poza izan dut! Joan dadila hemendik nire zorionik beroenak. Bestalde, sorpresa eman didazu! Euskadi Irraitan pozik egotea, beno, arraroa izan daiteke baina bertan egon naiz hitz egiten. Baina Radio Euskadin... hori bai sorpresa... Aizu, ez da berri txarra mundu ezezagun honetan lanean gabiltzanontzat!

      Zorionak zuk merezi dituzu! Lan ederra egiten duzu Norteko Ferrokarrilan, Elhuyar aldizkarian eta parte hartzen duzun leku guztietan. Jendeak jakin dezala nondik zatozen... azken finean, gu gatozen antzeko lekutik zatoz eta... Zuk ere zure abentura kuantikoak kontatzeko dituzu!

      Ezabatu