2013-10-11

Zientzia Kaiera, Kimika Nobelak eta #KulturaZientifikoa


Ostirala da, ostiral gaua. Gaur bukatzen den aste hau, aste zoriontsua izan da niretzat, dudik gabe. Gauza desberdinengatik, baina denek nire gaurko zoriontasunean konbergitu dute. Alde batetik, Las Vegas-en, Materials Science 2013 kongresuan emandako hitzaldia ongi joan zen. Bestetik, aurtengo Kimikako Nobel Sariak Kimika Konputazionalean (nire esparruan) lan egin / egiten duten zientzialari batzuei eman dizkiete, eta bestalde, gaur bertan Zientzia Kaiera blogean nire lehendabiziko kontribuzioa argitaratua izan da. Gainera, #KulturaZientifikoa ekimenaren balorazioa egiteko astea izan da. Badirudi lau gauza hauek independienteak direla. Ez ordea. Lotuta daude, oso lotuta.



Duela hilabete batzuk, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra zuzentzen duen Juan Ignacio Perezekin bildu nintzen, berak gauza bat proposatu nahi zidan eta nik berari beste bat. Lehenengo kontaktua telefonoz izan genuen, ekainaren hasieran deitu ninduen, eta gero uztailan bildu ginen, kurtsoa bukatuta zela.

  • Berak proposatu zidana: Katedratik euskarazko blog bat editatu behar zutela, gaur egun ezaguna den Zientzia Kaiera, eta bertan kolaboratzaile moduan parte hartu nahi nuen gonbitea luzatu zidan. Hemendik eskerrik handienak eman nahi dizkiot Iñakori projektu zoragarri eta beharrezkoa den honetan nire harritxoa gehitzen uzteagatik. Katedratik egiten ari den lana txalotzekoa bakarrik ez, txaloen hurrengoa da. Euskarazko bloga martxan jartzea buruan zuen aspaldi, baina denok garbi izan behar dugu pertsona gutxik dena aldi berean ezin dutela egin. Denborak, ordea, erakutsi du kemen honek bere fruituak dituela. Agian batzuek nahi zuten baino beranduago (baina praktikan deus gutxi egin dutenak). "Al Cesar lo que es del Cesar". Noski, proposamena onartu egin nuen, eta gaur argitaratu da lehen kolaborazioa: "Gaur egungo Kimika, esperimentala? (I) Hastapenak".
  • Nire proposamena, #KulturaZientifikoa ekimena bultzatzekoa zen. Katedratik adostasun osoa agertu zidan Juan Ignacio Perez-ek, eta, beno, denek dakizue zertara eraman gaituen, momentuz, horrek. Aste honetan argitaratu dugu ekimenaren balorazioa. Seguraski balorazio hobeagoa egin daiteke, baina ni ez naiz soziologoa, barkatuko didazue.

Zientzia Kaieran argitaratutako lehen kolaborazio hau, serie baten lehenengoa da. Izenburua ikusita, eta nire lan esparrua ezagututa, pentsa dezakezue zein izanen den galderaren erantzuna, ala ez. Nire erantzuna jakiteko, bukaerara itxoin behar duzue. Baina aste honetako Nobel Saridunak ikusita, Kimika Konputazionalean egindako ekarpenarengatik, erantzuna nondik nora joko duen asmatzen saiatzen ahal zarete. Bai, Kimika Konputazionalaren (Kimika Kuantikoa + beste zerbait) garrantzia gero eta handiagoa da, eta sari horrek hori erakusten du. Ez da lehenengo aldia, ordea. 1998. urtean ere, John A. Pople-k eta Walter Kohn-ek ere Nobel Saria jaso egin zuten, eta lehenago ere Roald Hoffmann-ek. Beste baterako utziko dut saridun hauek egin dutena. Aurtengo Nobel Saridunak bi gauzengatik ekartzen ditut hona. Alde batetik, Zientzia Kaierako seriea lehenago idazten hasi nintzen, eta hortaz, sariak bakarrik nire argumentua indartuko du. Eta bestetik, komentatu nahi nuen aurtengo saridunetako batek, Martin Karplusek (irudian), nire lagun onaren Xabier Lopez-en egonaldi post-doktorala zuzendu zuela. Duela bi-hiru aste, sariaz deus jakin aurretik, Xabi Estrasburgon egon zen, tesi baten tribunalean. Hau aprobetxatuz, Karplus-ek Xabi afaltzera gonbidatu zuen. Giza tratua ekarri nahi dut hona. Xabik komentatu zidan, handik bueltan, oso gustora egon zirela, zientziaz haratago, oso harreman pertsonal ona izan zutela. Gertutasuna, gizatasuna erakutsi zutela biok. Ezin da beste moduan izan, ala bai? Nik gaurkoan, gizatasun hori aldarrikatu nahi dut. Xabik ederki azaldu du aste honetan idatzi duen sarreran: "Bailando con Proteínas y el Nobel". Pena merezi du irakurtzeak, bai.

Eta nire alaitasunaren azkenekoa. Kongresua eta txarla. Materials Science 2013 konferentzian, esparru desberdineko jendea bildu gara, fisikariak, ingenieroak, kimikariak, esperimentalak, teorikoak, biokimikoak etab. Nire aportazioa, CdS nanopartikulen ensanblatuaz osaturiko material nanoporotsu berriak. Lasai, beste batean azalduko dut honen ingurukoak sakonago. Irudia uzten dizuet ideia har dezazuen. Garrantzitsuena niretzat, gaur komentatu nahi dudana. Bertan, argi gelditu da simulazio kuantiko eta konputazionalen garrantzia. Eta ez bakarrik hori, baizik eta Ezagutza Arlo desberdinen elkarlana, interdisziplina, gero eta beharrezkoagoa dela. Eta horren baitan, #KulturaZientifikoa kokatzen zaigu. Gaur egun, Zientzia disziplina bakoitza bere aldetik ez doa inora. Baina ez bakarrik hori, Zientziak ere bakarrik ez doaz inora, Ezagutza Arloak elkartzera joan behar dute, baina Zientziak egindako aportazio garrantzitsuenetakoa kontutan hartuta: Metodo Zientifikoa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina