Lore bat buruan genuela, irailaren 25ean #KulturaZientifikoa egun bateko Twitter ekimena burutu genuen 221 tuitelarik. Bai, 221 izan ginen. Ez da marka makala! Baina, 221 partaide izateaz gain, badaude beste hainbat gauza baloratzeko eta kontutan hartzeko. Gaurkoan, hori egitea tokatzen zaigu. Balorazio lasai bat, gerora begira sarean egin dezakegun lana buruan izanik. Eta bai, bidea ez da amaitu, hasi bakarrik egin du. Lorea jada ez da lore, fruitu baizik, irudian ikusten ahal dugun moduan. Guztion kontribuzioari esker, lorea ernetu egin, eta fruitua hazten doa. Fruitu hau zerbait berriren hazia izanen ote da? Espero dezagun baietz, baina gauzek bere denbora dute. Hori baino lehenago, ikus dezagun loretik fruiturako bidea nola gauzatu genuen guztion artean.
Udako Euskal Unibertsitatetik ekimenaren jarraipena egin zuten egun polit hartan. Hemen agertuko diren datu hauek, hortaz, UEUk jasotakoak dira. #KulturaZientifikoa traolaren jarraipena Irailaren 25ean izan zen, 9:00 AM - 12:00 PM tartean. Erabilitako tresna Tweet-tag izan zen.
Datu nagusiak
- Parte hartzaileak: 221
- Mezu kopurua: 1808 (berezkoak 723, aipamenak 93, bertxioak 992, beheko irudia ikusi)
- Audientzia: 192.431 (traola zenbat erabiltzaileen TimeLine-ean agertu zen)
- Esposizioa: 1.162.210 (traola Twitter osoko TimeLine-ean agertutako aldi guztiak)
Zenbaki itzelak direla iruditzen zait niri. 221 parte-hartzaile asko direla iruditzen zait, kontutan hartuta ekimena zabaltzeko garairik onenean ez garela ibili (udako oporrak tartean izan direla). Hala ere, ondorengo ekimen posibleei so eginez (ez izan dudarik modu batean ala bestean egonen direla) ez dugu ahantzi behar euskaraz Twitter-en ia 5000 erabiltzaile daudela, UMAP-en datuen arabera. Hortaz, emaitza ona izan arren, parte-hartze zabalagoa lortzeko esparru handia dago.
Mezu kopurua interesgarria izan zen, eta garrantzitsuagoa oraindik, kalitate handikoa. Jakintza-arlo gehienekin (guztiekin esatera ez naiz ausartzen) lotutako mezuak izan ziren, eta hau oso garrantzitsua da, "Zientzien" eta "Letren" arteko antzazko banaketa hori txikitzen joateko.
Audientziak eta espozisioak, zenbaki handiak erakusten dizkigute, 192.431 eta 1.162.210, hurrenez-hurren.
Denbora Tarteak
Beheko irudian, mezuen eta parte-hartzaileen eguneko orduen arabera ikusten ahal duzue. Traola ekimenak irauten zuen ordu guztietan erabili zen, 9:00 AM - 12:00 PM, alegia. 15 orduz, hutsik egin gabe, traola erabili genuen. Ez da makala! Honek, parte-hartzaile kopurua handitu egin zuen, 15 orduz parte-hartzaile guztiak ezin ginelako aritu (ez guztiak, ez bakar-bat ere ez).
Ordurik eraginkorrena, goizeko 9:00-10:00 bitartean izan zen. 394 mezu txiokatu ziren 80 parte-hartzaileen artean. Bazkal eta afal-ostean ere pikotxo txikiak ikus daitezke mezu kopuruetan, baina erabiltzaile kopuruen inguruan, nahiko konstantea izan zen eguna, gau partea ezik. Honek erakusten digu parte-hartzaile askok lanetik txiokatu zutela, baina ezin ditugu ahaztu behar lanetik kanpo txiokatu zutenak ere.
Erabiltzaileak
Erabiltzaile mota zabala da gehien poztekoa dena. Unibertsitatetik, institutoerara. Zientzia Fundazioetatik, ikasleetara... Denak ezin azaldu hemen. Denera, 221. Eraginkorrenak, jarraitzaile gehien dituztenak (FECYT, Berria, DonostiaKultura...) Erakundeetaz aparte, pertsonak ere agertzen zaizkigu hemen, Javier Armentia, Juan Ignacio Perez, Juankar Hernandez... etab. Beste batzuk, txio kopuru asko bidali zituzten, eskuineko zutabean ikus daitekeen moduan. Hala ere, ekimena etzen txapelketa bat. Zorionez, parte hartzaile guztiak izan ginen irabazle.
Horrela, fruitu bihurtu zen gure lorea. Eta fruitu hori emankorra izan dadin, gerora begira ideia berriak agertuko zaizkigu, Kultura Zientifikoa sarean landu dezagun. Gaurkoan Las Vegas-etik, Kongresu batean hitzaldia eman ondoren, bukatzen dut sarrera hau. Barkatu atzerapenagatik, baina bidaia eta txarla prestatu behar nituen. Ulertuko duzuelakoan nago!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina