2014-02-05

#Blogetan & #KZJaia

Negu parte honetan euskal blogosfera berotzen dabiltzan bi egitasmo dira #blogetan eta #KZJaia (#KulturaZientifikoa 1. Jaialdia). Irakurtzen ari zareten blog honek bietan parte hartzen du. Hori dela eta, eskuineko zutabearen goikaldean, ekimen hauen logoak ikusiko dituzue, biak martxan dirauten bitartean. Bi egitasmo hauek desberdinak izan arren, helburu amankomun batzuk somatu daitezke. Gaurkoan, honi buruz arituko naiz.

Blogetan Azkue Fundazioak antolatutako blog lehiaketa bat da, Argia laguntzaile duelarik. Lehiaketa honen baitan, lau kategoriatan banatzen dira partaideak: Aisialdia, Kultura, Gizarte eta Politika, Zientzia eta Teknologia. Kategoria bakoitzean, blog bat irabazlea izanen da, eta blog hau aukeratzeko, antolatzaileek epaimahai baten eta irakurleen bozkak kontsideratuko dituzte. Honekin, antolatzaileek "blogari euskaldunen jarduera sustatzea, eta blogaririk onenak aukeratzea eta saritzea" nahi dute. Horrela, lehiaketa honek blogei eskaparate bikaina eskaintzen die, irakurle berriei heltzeko aukera emanez. Pertsonalki, helburu hau nuen buruan lehiaketan parte hartzeko izena eman nuenean. Zientzia eta Teknologia kategorian parte hartzen du blog honek, hurrenez hurren.


#KulturaZientifikoa 1. Jaialdiaren (#KZJaia-ren) filosofia bertzelakoa da. "Letren" eta "zientzien" arteko muga artifizialak gainditzeko pausuak eman nahian, bertze helburu batzuekin batera, jakintza-arlo eta esparru anitzezko erakunde/talde/kide elkartu gara, blog desberdinetatik kultura zientifikoa, modu zabalean ulertuta, zabaltzeko asmoz eta elkarlana sustatzeko asmoz. Horrela, blog berriak ezagutzeko aukera ere izan dugu. Jaialdiaren oinarriak hemen dituzue ikusgai, eta ekimen honekiko atxikimendua eman dutenak hemen. Nahi duzuenok parte har dezakezue, inolako arazorik gabe, oinarri sinpleak betez.


Blogetan lehiaketan, lau kategorietan, 115 blog daude. #KZJaiaren inguruan, modu batera ala bestera, 40 blog/webgunek parte hartu dute momentuz. Gaurkoan, proposamena bidali nahi dizuet bai #blogetan bai #KZJaian zabiltzatenoi:
  • #KZJaiako partaideei #Blogetan parte hartzen ari diren blogak ikusi eta zuen bozkak eman, euskarazko blogak hedatzeko eta orain arte ezagutzen ez duzuenak ezagutzeko.  Horretarako, esteka hau jarraitu.
  • Bestalde, alderantzizko gonbitea ere luzatu nahiko nuke: #Blogetan parte hartzen ari diren blogei, #KZJaian parte hartzeko gonbitea ere luzatu nahi diet. Goian aipatutako esteketaz aparte, orain arteko ekarpenen laburpenak ikus ditzakezue: 1.a 16 ekarpenekin, eta 2.a 19 ekarpenekin.
Nire aldetik, ezagutza euskaraz zabaltzen duten ekimen guztiek izanen dute nire atxikimendua.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina