2014-05-15

A, B ala AB? Ai ama, ze nahaste!!!

Leire Lerga, Sara Lopez, Amaia Rada, Aiala Urbegain.

Betidanik jakin nahi izan da zein den argiaren natura. XVII.mendean, argiaren naturari buruzko bi teoria garrantzitsu zeuden: Alde batetik, Newton-en teoria eta bestetik Huygens-ena. Newtonen arabera argia partikula zen eta Huygensen arabera, uhina. Beraz, argia zer da, uhina ala partikula?

Beranduago, bi zientzialarik argiaren bi izaera hauek frogatu zituzten bakoitzak bere aldetik: XIX.mendean Maxwellek uhin elektromagnetiko izaera eta hurrengo mendearen hasieran Einsteinek partikula izaera. Honen ondorioz, argiak bi izaerak izan behar zituela proposatu zen. Momentu hartan ideia oso iraultzailea izan zen. 

Ordurarte, zientzian errealitatea definizio eta formula matematiko zehatzen bidez azaltzen saiatzen ziren, gauza guztiak ziurtasun osoz ezagutu behar ziren, bestela ez zituzten ontzat ematen. Mentalitate berri honek guztiz apurtzen zuen zientzia ulertzeko modua. Nola liteke zerbait aldi berean bi gauza ezberdin izatea?

Ideia honek ez zuen zientzian bakarrik eragina izan, beste arloetara ere zabaldu zen hala nola, artera. Honen adibide argia Dali-ren ondorengo artelana da:



Irudian, bi errealitate ezberdin ikusten dira ikusleak koadroa nola begiratzen duen arabera: Batetik, hiru beltxarga laku batean ikus daitezke eta haien isladapena. Bestetik, hiru elefante eta haien alderantzizko irudiak zerura proiektatuta ageri dira. Honekin adierazi nahi da begiratzeko moduaren arabera ikusten den errealitatea desberdina izan daitekeela, baina horrek ez du esan nahi beste errealitatea existitzen ez denik.

Dualtasun kontzeptu hau beste hainbat adibidetan ageri da:



Buelta gaitezen berriro zientziaren arlora. Egiten dugun esperimentuaren arabera argiak izaera bat edo bestea aurkezten du. Baita esperimentu berdinaren barruan ikusleak aztertzen ari garenarekin duen interakzioaren arabera bere izaera aldatu dezake. Hau zirrikitu bikoitzaren esperimentuan ikusten da.

Irudi honetan ideia hau oso argi ikusten da:



Begiraleak zilindroa nondik ikusten duen arabera, zirkulu edo karratu bat dela pentsa dezake, baina benetan zilindro bat da, bi geometriak ditu bere baitan, argiak uhin eta partikula izaera duen bezala.

Bakarrik argiari buruz hitz egin dugu, baina zer gertatzen da gainontzeko materiarekin? De Broglie fisikariak galdera hau bera egin zion bere buruari. Horretan oinarrituz, 1923-an ondorengo hipotesia formulatu zuen: “Materia oro, bai uhin izaera, bai partikula izaera erakusten du. Esperimentuaren arabera izaera bat edo bestea aurkeztuz.”

Gaur egun badakigu hipotesi hau zuzena dela. Argia edo elektroia bezalako partikulen portaera azaltzeko, bere uhin izaera erabiltzen badugu, zergatik tamaina handiko gorputzekin ez? Arrazoia  masa da: Gero eta masa handiagoa izan, bere uhin izaera gutxiago antzematen da eta partikula moduan kontsideratzen badugu bere portaera ondo azaldu dezakegu.

Hau da gaur "uste" duguna, baina baliteke bihar beste post bat idatzi behar izatea, unibertsoa uste dugun bezala ez delako edo beste teoria bat agertu delako dena hobeto azaltzen duena. Zientzia aldatuz eta berrituz doa, gure ezagutza eta naturaren ulermena zabalduz. Azken finean, ez al da hori zientzian harrapatuta mantentzen gaituen arrazoia?

—————————————————–
Egileak: UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikasleak. "Kimika Fisikoa II" irakasgaiaren baitan egindako lana.
 —————————————————– KZJaia2
Sarrera honek  #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina