#KZJaia3 joan zaigu. Urtarrilaren 8tik Martxoaren 31a bitartean burutu dugun Kultura Zientifikoaren 3. Jaialdian ekarpen anitz egon dira, gai askotarikoak, eta egile mota arras desberdinek eginda. Ez da nire helburua, ordea, jaialdiaren balorazioa egitea. Hori anfitrioiaren eskuetan gelditzen da. Koldok esan zigun oporrak eta gero eginen zuela bere balorazioa, eta horren zai geldiko gara. Gaurkoan, aurtengo jaialdian parte hartu dudan ekarpenen bilduma osatu nahi dut, laburbildu nahi ditut. Noski, altxatutako opariak ere errepasatu ditugu. Aurtengo jaialdian, izaki bizidunen inguruan asko ikasi bait dugu. Bestalde, egindako ekarpen guztietan norbait izan dut ondoan. Talde lana izan dira, modu batean ala bestean. Horrek aunitz pozten nau. Besterik gabe, hor duzue bildumatxo propioa, orden kronologikoz antolatuta.
Denera, 13 ekarpen propio (talde lanean), eta blog hau bertze hiru ekarpenen anfitrioi izan zen. Ekarpen hauei esker, anfitrioiak opari birtualak oparitu zizkigun. Aurtengo edizioan, biologia genuen protagonista, eta izaki bizidunen filum-ak ikasi ditugu. Ekarpen kopurua dela eta, Koldo gaixoak B eta Be planak ere atera ditu (Birusak eta Behi arrazak). Hor duzue, laburbilduta, ekarpenen eta oparien zerrenda.
- Zergatik babesten gaitu ozonoak?: Ikasle batzuk izan genituen blog honetan lehenengo gonbidatuak, Kimika Fisikoa II irakasgaian egindako lan bat partekatuz. Ozonoak UV argia zergatik absorbatzen duen kontatu ziguten. Honen ondorioz, "Aquificae" bakterioen filuma irabazi zuten. Bakterio mota hauek tenperatura altuko baldintzetan nagusi dira, eta sufrezko putzuetan ere aurkitzen dira.
- Schrödingerren katua: Norteko Ferrokarrila Euskadi Irratiko irratsaioan egindako ekarpena duzue hau. Audio honetan, paradoxa honi buruzko elkarrizketa eta haurnasketa duzue. Honi esker, "Deinococcus-Thermus" bakterioen filuma irabazi genuen. Bakterio hauek itzelak dira, oso erresistenteak. Baldintza txit txarretan bizitzeko gai dira.
- Kaiola berezia, Faradayrena: Euskadi Irratiko bertze saio batean ere aritzen nabil aurten, Hiri Gorrian hain zuzen ere. Saio honetan, igogailuan sartzean mugikorrarekin zergatik ezin dugu hitz egin azaldu genuen. Horren ordainetan, Koldok "Spirochaete" bakterio filuma eman zigun, menbrana bikoitza duten bakterio mota batzuk.
- Ileak tente jartzeko modukoa, elektrizitate estatikoa: Hiri Gorrian irratsaioan elektrizitate estatikoari buruz aritu ginen. Ileak tente jartzeko gai da, metalezko latak mugitzeko, eta tximistak sortzeko ere. Ekarpen horri esker, Haptophyte algen filuma eskuratu genuen.
- Bala trena eta lebitazioa: Lebitazio magnetikoa oso fenomeno interesgarri eta ikusgarria da. Horri esker, abiadura arras handiko trenak gara daitezke, 500 km/h baino abiadura altuagoan mugitzen direnak. Gai hau izan genuen mintzagai Hiri Gorrian irratsaioan, eta Euglenozoa protozoo filuma jaso genuen bueltan. (Aipagarria: Aitor Bergara fisikariak ere gaia landu zuen Jaialdian, Zientzia Kaieran).
- Ikertzaile zientifikook gure lana dibulgatu behar dugu?: Askotan badirudi ikertzaileok gure lanaren dibulgazioa egin behar dugula. Nire ustez hau ez litzateke horrela izan behar, ez behintzat gure ardurapean. Honen inguruan bota nuen nire hausnarketa, Plazaberri aldizkari digitalean. Glomeromycota onddo filuma jaso genuen bueltan.
- Ipurtargien ipurdi argitsua: Ipurtargien argiaren jatorria izan genuen Hiri Gorrian Irratsaioan. Animalia hauek argia sortzeko erabiltzen duten prozedura kimikoak, eta honen antzekoak diren bertze fenomenoak izan genuen mintzagai. Pteridophyte landare filuma izan genituen bueltan. Filum honen barruan iratxeak daude, adibidez.
- Werner Heisenberg. Filma egiteko moduko bizitza: Ziurgabetasun printzipioa. Gehienok izan dugu noizbait fenomeno honen berri, nahiz eta ongi ulertu ez. Printzipio hau izan genuen mintzagai Norteko Ferrokarrila irratsaioan. Ez bakarrik fenomenoa, berau formulatu zuen zientzialaria ere: Werner Heisenberg. Bizitza mugitua, dudarik gabe. Pinophyta landare filuma, ordainetan izan genuen, koniferak biltzen dituen filuma.
- Zilarra, harribitxia baino gehiago: Gonbidatu arras berezia izan nuen blogean, Maialen Aldabaldetreku ikasle ohia. Aurten Txilen dabilkigu, Gradu amaierako projektua egiten. Projektu honen berri eman zigun ekarpen honetan. Bertan, zilarraren propietateak erabilita, bakterioen aurkako konposatu berriei buruz aritu zitzaigun. Cycadophita landare filuma irabazi zuen lanarengatik.
- Molekulen hatz-markak: Zientzia Kaiera blogean egin nuen ekarpen honetan, gure eguzki sistematik kanpo dauden planeten atmosferetan zein molekulak dauden nola jakin dezakegun azaldu nuen. Honen ondorioz, Chordate animalien filuma jaso genuen. Ornodunak (gu barne) filum honetan bilduta gaude.
- Azkurea dut. Serotonina madarikatua!: Zer da azkurea? Zergatik gertatzen da? Zergatik hazka egitean plazerra sentitzen dugu, baina berehala azkurea berriz hasten da, indar gehiagorekin? Ikusten denez, azkureak ez du bakarrik hazka egiteko gogoak sortzen, galdera asko ere sortarazten dizkigu. Hiri Gorrian irratsaioan saiatu ginen galdera hauetako batzuk erantzuten, eta Cycliophora animalien filuma eskuratu genuen.
- Kreditu txartelak: Umorea ikerketaren zati garrantzitsu bat da. Gure ibilbideetan, hainbat egoera berezietan murgilduta egoten gara askotan. Horietako baten berri eman nizuen Barretartia umore blogean. Entoprocta animalien filuma jaso genuen bueltan.
- Egia ala gezurra?: Eguneroko bizitzan, zientziarekin zerikusia duten hainbat idei ederki errotuta ditugu. Egiatzat jotzen dugu, horien inguruan asko pentsatu gabe. Hauetako batzuk, ordea, mitoak dira. Hiri Gorrian irratsaioan hauetako batzuk azaldu genituen, eta Landetako behi arraza izan zen gure saria.
- Finitu eta infinituaren paradoxa: Nola da posible infinitu zenbakien baturak zenbaki finitu bat ematea? Lizarraldea Institutuko 2.DBHko ikasleak eta Ivan Mendiorotz beraien irakasleak azaldu ziguten blog honetan. Plazer handia izan zen hauek nire gonbidatuak izatea... eta gainera Piriniarra behi arraza eraman zuten!
- Zergatik herdoiltzen da fruta?: Fruta mota batzuk, sagarrak, udareak, bananak... azala kentzean, denbora laburrean jaten ez badira herdoiltzen dira, iluntzen dira. Ez bakarrik fruta, patatekin, uhazekin, txanpiekin (eta ganba mota batzuekin ere) antzera gertatzen da. Zergatik gertatzen da hau? Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan azaldu genuen, eta Fleckvieh Europa Erdialdeko behi arraza eraman genuen.
- Airbag: Denok badakigu airbaga zer den. “Airezko poltsa”, ingeleraz. Kotxeetan dugun segurtasun mekanismoa da. Talka baten aurrean, airezko poltsa bat puztu egiten da, eta horrek izan dezakegun kolpeetatik babesten gaitu, koltxoi baten moduan. Baina, nola demontre puzten ahal da poltsa bat horren azkar? Hiri Gorrian irratsaioan azaldu genuen, eta Ayrshire behi arraza eskoziarra eraman genuen.
Hauek izan dira aurtengo edizioan egindako ekarpenak. Dudarik ez izan, lagunok, datorren urtean #KZJaia4 izanen dugula, eta bertan ekarpen asko egiteko intentzioa dudala. Ez bakarrik hori. Ez dakit zergatik, baina susmoa dut datorren edizioan sorpresa ugari egonen direla!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina