2013-04-09

Gamma Izpiak

Gamma izpiak erradiazio elektromagnetiko energetikoenak dira. Uhin-luzera oso laburra dute, nukleo atomikoaren tamainakoa, gutxi gora behera. Oso bero dauden gorputzek irradiatzen dituzte, izarren kasu (10 milioi gradu baino beroago dauden gorputzek). Bestalde, hainbat prozesu astronomikoetan (supernoben formazioak, zulo beltzen talkak etab) sortzen dira. Baina ez gara Espaziora joan behar gamma-izpiak generatzen dituzten prozesuak aurkitzeko. Lurran bertan, generatzen dira modu naturalean.


Izarretan, bere tenperatura dela eta, hidrogeno nukleoen fusioa gertatzen da, helio nukleoak emateko (ikusi ezkerreko irudia, goian). Prozesu hau ez da Lurran gertatzen modu naturalean (nik dakidala). Bakarrik H-bonbetan gertatzen da. Bonba hauetan hidrogenoek fusionatzeko behar duten energia lortzeko, beste prozesu nuklear bat erabiltzen da, fisio nuklearra. Fisioan, fusioan ez bezala, nukleoak apurtu egiten dira (ikusi ezkerreko irudia, behean). Lurran,  fisio nuklearra naturalki gertatzen den prozesua da. Bi fenomeno hauetan, energia askatzen da. Energia hori askatzeko modua zein da? Gamma-izpiak. Fisio nuklearra zentral nuklearretan burutzen den prozesua da, eta fusio nuklearra kontrolatua egitea oraindik ez da lortu, nik dakidala. Honen inguruan gehiago jakiteko, klikatu hemen. Fusio eta fisio prozesu naturalen ostean sortzen dira ezagutzen ditugun elementu kimiko guztiak. Lurran beste prozesu batzuetan ere sortzen dira gamma izpiak, besteak beste, ekaitzetan.

Denok dakigu goian aipaturiko bonba mota hauek, ala zentral nuklearretan egondako istripuek, eragiten dituzten kalte izugarriak. Baina, zergatik gertatzen dira kalte hauek? Beste moduan esanda, generatutako gamma-izpiek, zer motako eragina dute bizidunengan? Aurreko sarrera batean ikusi genuen gamma-izpiak ionizatzaileak zirela. Zer esan nahi du honek? Molekulen elektroiak askatzeko adina energia dutela. Honen ondorioz, molekula positiboki kargatuak sortzen dira (gogoratu nukleoek karga positiboa dutela, eta elektroiek karga negatiboa). Ionizatutako molekula hauek oso erreaktiboak dira. Horrela, gamma-izpiek gure gorputzeko molekulak (proteinak, ADN-a, etab, barne) ionizatzeko gai dira, eta horren ondorioz, molekula hauek beste askorekin, ala bere buruarekin, erreakzionatzen ahal dute, bere funtzioa galduz. Beste modu batean esanda, zelulak hil ala modu dramatiko batean aldatzen dute bere funtzioa.

Esan dugu, bada, Lurran izpi mota hauek ere generatzen direla. Hortaz, arriskuan al gaude? Erantzuna da ezetz. Izpi hauen kopuru minimo bat behar da, kaltegarriak izateko. Gainera, teknologiaz baliatuta, bere suntsipen ahalmena onerako erabiltzen ahal da. Horrela, hainbat minbiziekin akabatzeko tratamenduetan erabiltzen dira, besteak beste. 

Hortaz, gamma-izpiak naturalak dira, eta gauza natural guztiak bezala, kaltegarriak ala ez-kaltegarriak izan daitezke. Gure esku dago prozesu hauek ulertzea eta behar diren bezala erabiltzea. Kuantikak prozesu hauek ulertzen laguntzen digu. Hauek behar bezala erabiltzea, jada ez dago bakarrik Kuantikaren esku.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina