2013-04-10

Kuantika Aplikatua: Metanoa, gas baliotsua


Gaurkoan, gure ikerketa taldean defendatu den azken tesiaren inguruko sarrera bat dakarkizuet. Konkretuki, Oier Lakuntzaren tesiaren inguruan (tesi osoa hemen ikusten ahal duzue). Oierrek metanoa aktibatzeko prozesua aztertu zuen, beste molekulen sintesian zein H2-ren produkzioan oso garrantzitsua den prozesua (irudian metano gasaren simulazioa ikusten ahal duzue). Sarrera honekin hasiera ematen diot taldean defendatu diren tesien inguruko sarrerei, "Gure Ikerketa" eta "Aplikazioak" kategorietan sailkatuko direlarik. Denborarekin, tesi honen zein beste guztien inguruko sarrerak gehitzen joanen naiz. Taldean defendatu diren tesi guztiak hemen ikusten ahal dituzue. Batzuk, ikusten ahal duzuen moduan, pdf formatoan jeisten ahal dituzue (nirea barne).

Tesi bat sarrera batean laburtzea ezinezkoa egiten zait, lau urteko lanak gehiagorako ematen baitu, zorionez.  Gainera, Oierrek honen inguruan artikulu bat publikatu zuen Elhuyar aldizkarian, eta zientzia.net webgunearen bitartez irakurtzen ahal da. Ikusten ahal dituzuen bi irudiak, bertatik hartuak dira. Ni honetaz aprobetxatuko naiz, eta gaurkoan artikulu horretara zuzenduko zaituztet. Bertan, metanoaren aktibazioan garrantzitsuak diren beste molekula batzuk topatzen ahal dituzue: katalizatzaileak. Artikulu honetan, konkretuki, (HNiOH)+ molekula da katalizatzailea (ondoko irudian molekula hau ikusten ahal duzue metanoarekin batera). Alemaniako talde esperimental eta Kataluniako beste talde teoriko batekin batera, erreakzio honen nondik norakoak aztertu genituen. Ikusten duzuen bezala, Kuantika oso tresna baliagarria da esperimentuak ulertu eta interpretatzeko. Ez bakarrik hori, kasu honetan, katalizatzaile egokiagoak diseinatzeko ere balio digu. Hau guztia egokiago bideratzeko, beti bezala, kolaborazioa ezinbestekoa da.

Gehiago luzatu gabe, behean duzue honen inguruko artikulua zientzia.net-en. Hiru taldeen arteko publikazio zientifikoaren link-a ere uzten dizuet, norbaitek interesa baleuka ikusi ahal izateko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina