2013-04-19

Ikertzaile berriak prestatzen. Norbait animatzen?

Gaur egun, ikerketa zientifikoaren munduaren zeruan, hodei beltzak biltzen ari dira. Ezkortasuna nagusitzen ari da. Testuinguru honetan, nola erakarriko ditugu gazte berriak? Ikasleak, karrera bukatzerakoan, ikerketan murgiltzeko alizienteak izanen dituzte? Kezka hauek ditut buruan, beste batzuen artean. Baina, Kimika Esperimentala nagusi den fakultatean egonda, Kimika Kuantikoaren mundura ikerlariak erakartzeko arazoak eduki ditugu beti. Honi aurre egiteko, umorea eta baikortasuna izan da gure tresna nagusia. Hauetaz baliatzen saiatuko naiz, mundu hau (ikerketarena orokorrean) zoragarria dela islatzen saiatzeko. Hodei beltzen artean, eguzkia nagusituko da.


Azken aste hau, aspaldiko partez, eguzkitsua izan dugu eguraldia. Eguraldiak eragin handia dauka gure animotan, jendea alaiago dabil eguraldi onarekin, ezta? Orohar, ni baikorra naiz. Hori esaten didate behintzat. Hau islatzeko, istorio bat kontatuko dizuet. Aspaldi, hiru lagunkin Herbeheretara joan nintzen oporretara, kanpain dendarekin. Goiz altxatzen ginen eguna aprobetxatzeko, eta gosarian erabilitako katxarroak nork garbituko zuen erabakitzeko, karta baxuenaren jokoa erabiltzen genuen. Hau da, kartarik baxuenak ateratzen zuten biek harrikoa egin behar zuten. Egun batean, ni izan nintzen lehenengoa karta altxatzen, eta batekoa atera nuen. Edonork bere burua harrikoa egiten ikusiko luke, baina ez ni! Animoso, zera esan nuen: "Oraindik aukerak ditut!" Noski, berdinketa egoten ahal zen! Nire lagunen artean, bazegoen ezkorra zen mutil bat. Ia ia nirekin haserretu zen. Nola zen posible horrelako egoera batean alde positiboa ere ikustea? Nik ateratako batekoarekin (ikusi irudia) ni astintzeko gogoak zituen gaixoak. Noski, egun hartan harrikoa egiten bukatu nuen, baina ilusioa ez ninduen inork kendu!

Gaur egun, Euskal Herrian, ikerketa zientifikoaren mundua guztiz ongi ez egon arren, oraindik ilusioz beteriko mundua da. Ilusioa ikasten jarraitzeko. Ilusioa zientziaren garapenean parte hartzeko. Ilusioa, azken finean, gure gizartea hobetzen saiatzeko. Ikerketa munduan, esparru asko daude, Zientzietan eta Letretan, baina denek abiapuntu amankomun bat dute, akademikoki behintzat: Doktoradutza. Ikasle askok, karrera bukatzean, doktoradutza zer den ez dakite. Doktoradutza egiteak zer inplikazio duen ez dakite, eta asko dira doktoradutza egiten hasi direnak zerbait egiteagatik. Nire helburua gaurkoan doktoradutza batean zer egiten den azaltzea da, nire ikuspuntutik bederen. Garbi eduki behar dugu bakoitzak bere ikuspuntua duela, eta askorena ez duela zertan bat etorri behar nirearekin. Hau esanda,  egin dezagun aurrera.

Doktoradutza tesi bat, nagusiki, ikerketa lerro baten garapenean datza. Baina kontuz, ikerketa lerroaren garapena ez da, askok uste duten moduan, esperimentuak/kalkuluak ala azterketak egitea eta emaitza batzuk lortzea. Hau zati garrantzitsua da, baina ez bakarra. Lehenik eta behin, zer aztertu behar den eta nola ongi pentsatu behar da. Beste modu batean esanda, zer aztertu nahi den ongi pentsatu behar da. Honen arabera, diseinatuko dira egin beharreko azterketak, esperimentuak, kalkuluak etab. Esperimentu asko egin daitezke, baina ez badakigu ongi zer nahi dugun, lorturiko emaitzak gutxirako balioko digute.  Asuntoa ez da emaitzak lortzea lortzeagatik. Emaitza hauek kontestu baten barruan daude, eta horren arabera analizatzen ikasi behar ditugu. Ez badugu hau ikasten, datuak biltzeko makinak bihurtuko gara tesian zehar, baina ez doktore osoak.

Hortaz, datuak bildu aurretik, asko irakurri behar da. Gai baten inguruan eginda dagoena eta ez dagoena ikasteko, eta nondik jo pentsatzeko. Tesi bat hastean, zientziatan bederen, tesi zuzendariak asko du esateko zentzu honetan. Doktoregaia gidatu behar du, informazioa non eta nola bilatu erakutsi, etab. Behin hau eginda, emaitzak biltzen hasteko ordua da. Kuantikan, ordenadore bidez egiten dugu hau. Zientzia esperimentaletan, laborategian ala kaleko neurketak eginez. Datuak biltzeko erabiliko dugun metodologia ere garbi eduki behar da, eta honek karreran zehar irakatsi ez diren materiak ikastea dakar. Emaitzak biltzea da normalean "errexena". Hau ez da beti gertatzen, ikerketa guztiek ez baitute espero dena ematen eta honen ondorioz lan ildoak aldatu behar dira. Gehienetan, ordea, emaitzak lortu egiten dira, nahiz eta ez izan hasieran espero zirenak. Emaitza hauek ez ditugu guretzat gordetzen, komunitate zientifikoan hedatu behar dira. Hau bi modutan egiten da nagusiki: artikulu zientifikoen bidez, eta kongresuetako txarlak/posterrak.

Aurrerago puntu konkretu hauei buruz sakonago idaztea gustatuko litzaidake. Utzidazue gaurkoan erreflexio batzuk egiten orain arte esandakoari. Doktoradutza batean, emaitzak lortzea ez da gauzarik garrantzitsuena, nire ustez, baizik eta zer nahi dugun aztertu ongi jakitea. Horrela, projektu desberdinak diseinatzeko ikasten dugu. Datuak, emaitzak bakarrik generatzen duten pertsonak ez ditugu bultzatu behar doktoradutzan, horrela izanda, hauek bakarrik besteek esandakoa egiten ikasiko baitute. Honetaz gain, ikerlari osoak prestatu behar ditugu, eta horretarako, goian aipatutako hiru esparruak landu behar dira. Horrela, doktore berri batek bukaeran hiru pausu hauek egiteko gai izan behar da:

  1. Projektuaren prestaketa: projektu bat prestatu (bibliografia irakurri eta erabiliko den metodologia zehaztu.
  2. Projektuaren garapena: emaitzak lortu eta arrazionalizatu.
  3. Emaitzen zabalpena: artikuluak idatzi eta txarlak ematen ikasi. 

Nire ustez, tesi askotan ez dira helburu hauek betetzen. Normalean, ezinezkoa da hiruak guztiz garatzea. Baina, hiruetan aurrerapausuak ematean doktore berria munduan ibiltzeko prest egonen da.

Gauza asko utzi ditut airean, badakit. Ez dut gehiegi luzatu nahi ordea. Doktoradutza egitea prentsatuta duen norbaitek irakurtzen badu hau, bakarrik nahiko nioke gogoratzea hau fondoko karrera bat dela. Ikerketa ez dela azkar egiten, eta "izkutuko" lan asko dagoela. Baina ikasten dena, ez da bakarrik egindako gaiari buruzkoa. Bizitzan asko laguntzen duten gauzak daude, asko bidaiatzen da, pertsona desberdinak ezagutu, taldean lan egiten ikasi... etab. Nire ustez, honek ez dauka bakarrik eragina ikerlariaren garapenean, baizik eta haratago doa, pertsonaren formazioa baimentzen du. Eta hori da nire ustez garrantzitsuena. Doktoradutzak gure ikerlari formazioan lagundu behar digu, baina gure pertsonaren formazioan ere bai. Hau ez dugu ahaztu behar.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina