Lagunok, Twitter-en dagoen euskaldun komunitatean Zientzia zabaltzeko
ekimena aurrera doa. Aurrera, indartsu, kementsu. Aurrera, gero eta
jende gehiagok bultzatuta. Aurrera, ekimen egunean euskal joeretan lehen
postua lortzeko asmoz. Eta lortuko dugu! Azken hamar egunotan
nobedadeak egon dira, ekimena zehazten joateko asmoz abiatu ginenetik.
Gaurkoan, nobedade horien berri emateko asmoz natorkizue. Eta noski,
zuen eritziak eta gomendioak eskatzeko. Zuek baitzarete ekimen honen
arrakasta lortuko duzuenak.
Ekimen honen inguruan, gero eta jende gehiago bilduta gaude, eta gauzak zehaztuz doaz. Horrela, ekimenaren inguruan aurreko sarreran proposatutakoak ondorengoan konkretatuz joan dira:
- Traola (hashtag): #KulturaZientifikoa izanen da.
- Data: Irailaren bukaerako astea izanen da (23-27 inguruan). Ekimena Elhuyar anaiek wolframioa lehen aldiz isolatu zuten lorpenarekin lotua dago, eta dakigun gauza bakarra hori 1783. urteko irailan argitaratua izan zela da. Abuztuan jende asko oporretan egonen dela kontutan hartuta, egokiagoa dirudi iraila bukaeran ekimena egitea, iraila hasieran palmondoetan eta herriko jaietan pentsatzen ibiliko garelako oraindik.
- Ordua: Eguneko zein zatitan bultzatuko dugu ekimena ere zehaztu behar da. Baina hau, joanen gara ikusten. Bitartean, zer iruditzen zaizue zuei?
Elhuyar Fundazioak bat egin du ekimenarekin. Komunikazio arlotik, atxikimendu berriak landuko dituzte, eta Elhuyar anaiekin lotutako data proposatzen parte hartuko dute. Honetaz gain, ekimenaren zabaltzea bultzatuko dute. Pertsona gehiago atxikitu dira ekimenean parte hartzera. Twitter bitartez gehienak (lista luzeegia da guztiak aipatzeko, barkatu!), baina Kimika Fakultateko eta Donostia International Physics Center-eko kideek ere parte hartuko dute. Bestalde, Kultura Zienfiko Katedra zuzentzen duen Juan Ignacio Perez-ek ekimenean laguntzeko prest azaldu da (mila esker!). Aipagarria iruditzen zait ere César Tomé-k (Euskampus-ek bultzatzutako Mapping Ignorance blog-eko editorea, besteak beste) ekimenaren zabaltzeari emandako laguntza, euskara ezagutu ez arren. Ekimena ahalik eta jende gehienera heltzea laguntzen eta lagunduko duzuen guztioi, nire eskerrik beroena hemendik!
Ekimenaren helburuetako bat Euskal Twitter-ean joera nagusien artean sartzea da. Atzo eta gaurko egunean hori lortu dugula ikusita (bai, bilatu gabe, egin dugu jada!) helburua zabaltzea posible dela uste dut. Atzo gauean, 6. postuan kokatu zen #KulturaZientifikoa:
Gaur goizean, ordea, 2. postuan egotera heldu da!
Honek erakusten digu zer nolako potentziala dugun. Zientzia euskal tuitelarien artean zabaltzea, eta #KulturaZientifikoa lehen postuan izatea lortzen ahal dugu! Hori bai, ez dugu ahaztu behar helburua bakarrik ez dela lehen postu hau lortzea. Hau lortzeko, Zientzia hedatzeko mezuak bidaltzea komenigarria litzateke #KulturaZientifikoa traolarekin. Adibide bezala, ondorengoa:
Elhuyar anaiek wolframioa isolatu zuten lehenbizikoz 1783. urtean Bergaran #KulturaZientifikoa
Kontutan hartu goikoa adibidea besterik ez dela! Zientziarekin zerikusia duen edozein gauzak balio du! Badakit jende asko dagoela parte hartu nahian, baina batzuk ez dute garbi zer idatz dezaketen bere txioetan. Hori dela eta, Twitter-en bidez Xabi M. de Lezeak bidalitako proposamena oso egokia iruditzen zait. Blogean, post batean, Twitter-en erabilgarriak diren 140 karaktereak baino gutxiagoko mezuak bilduz joanen naiz. Horrela, ekimenaren egunean, jendeak hortik adibideak har ditzake, parte hartzea handitzeko asmoz. Noski, garbi dago zuen adibideak bidaltzen ahal dizkidazuela post horretan gehitzen joateko!
Laburbilduz, ekimenaren eguna eta ordua zehazteke dago, eta egun horretarako mezuen adibideak ere bilduz joan gaitezke. Hauen inguruan, ala okurritzen zaizuen beste edozein gauzetan, ez izan dudarik zuen eritzia bidaltzeko! Ekimen honek, Zientzia zabaltzeaz gain, geroari begira beste ekimen desberdinetan parte har dezakegun pertsonak elkartzen joateko balio dezake, elkarlana bultzatuz! Eskerrik asko denoi parte hartzeagatik!
Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina