Hiru hilabete pasa dira jadanik blogaren ideia honekin hasi nintzenetik. Hasierako ideiak forma hartu du, ez da makala. Orrialde berriak eta sarreren kategoria berriak zabaldu, eta orain, hartutako forma garatu egin behar da. Bide hau egiteko bakarrik abiatu nintzen tren makinan. Trena hutsik, eta nik bakarrik botatzen nuen ikatza sutan. Hiru hilabetetan ordea, jende dexente ari da trenean igotzen. Eta ez bakarrik hori, ikatza botatzen gero eta jende gehiago dabil laguntzen. Gaurkoan, trenean montatu eta ikatza botatzen laguntzen ari zaretenak nahi ditut gogoan izan.
Hasiera batean, bloga idazten hasi nintzenean, jendeari kuantika modu ulerkor eta interesgarrian nahi nion kontatu. Horretarako, erakargarria den modua bilatu behar nuen, prestatu behar nuen (goiko tarta bezalakoa). Baina, horrelako tarta gozoak prestatzen ez nekien... Osagaiak buruan nituen, kuantika apur bat hemendik, umore punttu bat handik, baina osagai batzuk falta nituen konturatu gabe. Hala ere, sukalde blogero kuantikoan sartu nintzen, bildurrak alde batera utzita. Hasiera batean aipatutako osagaiak erabili nituen (lehenengo sarrerek irudirik ez, etab). Beheko irudian bezala nenbilen ni sukalde kuantiko honetan...
Dena den, poliki-poliki, beste sukaldari blogero eta blog irakurleen laguntzaz, lehenengo hobekuntzak etorri ziren. Taldekideek bere eritziak ematen hasi ziren, batez ere Eli eta Xabi. Azken hau bere sukalde blogero kuantiko propioa martxan jartzen animatu zen ere bai duela bi hilabete, gazteleraz (Función de Jota). Kimika Fakultateko blogero nagusiaren (Yanko Iruin: El blog del buho) gomendioak jarraituta, biak Twitter-en sartu ginen... eta mundu berri bat ireki zitzaigun! Bertan, jende askoren interesa ikusi dut, gomendioak, ideiak etab. Juan Ignacio Perez UPV/EHU-ko blogero eta dibulgatzailearen gomendioak, Ingumak Laborategian (UEU-k sorturiko datubasea) erabiltzailearen bertxioak, etab bultzada eman zioten blogari.
Difusio honek kazetari batzuen kuriositatea deitu zuen, eta Jaime Otamendiren Mezularia irratsaioan pare bat aldiz hitz egiteko plazerra izan dut. Eguzki Irratiko Pasealekua irratsaioan ere bai, Fertxu eta Aitzol Lasaren eskutik. Honek, noski, dimentsio berri batean sartu zuen bloga eta bertako lana. Twitter-en blogaren jarraitzaileak igo egin dira (jada 78 eta igotzen), eta bertan, idei transferentzia izugarria topatu dut. Ez bakarrik zientzia munduko kideena, baizik eta komunikazio eta euskara munduko jendeak ideia borobilak luzatu dizkidate. Honen adibide, azken egunotan Iosu Royok bidalitako bi bideo, ezagutzen ez nituenak, eta Xabi Martinez de Lezea euskara irakasleak bidalitako proposamena: blog-eko sarreren podcast-ak egitea. Azken ideia hau oraindik garatzen dago, nahiz eta lehenengo podcast-a dagoeneko igota egon. Oraindik, Xabik emandako ideia garatu behar da, bere gomendioak jarraituz, musika jarriz, etab.
Badakit jende asko aipatu gabe utzi dudala. Sentitzen dut. Denak zaituztet buruan nire eskerrik beroenak bidaltzerakoan. Trena martxan da, sukaldea ongi funtzionatzen hasi da, eta guztion laguntzarekin tarta eder bat egiteko irrikaz nabil: Tarta Kuantikoa, goxo-goxoa, denon artean gozatzen dastatzeko. Hori bai, azukrerik gabe, diabetikoek ere goza dezaten. ESKERRIK ASKO DENOI, irakurle guztioi eta ideiak eman dizkidatenei. Nire aldetik, bukatzeko gauza bat. Animatu eta Tarta Kuantikorako ingredienteak bidaltzen ez moztu. Zuen ideirik eta proposamenik gabe, ez baita horren goxoa izanen!
Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina