2015-01-02

Bermudetako Triangelu Kuantikoa

Aurkezpen hau aldatu dut, garai berriei egokitzeko. Aurkezpen zaharra post honetan aurkitzen ahal duzue. Zergatik esaten dut garai berriei egokitu behar naizela? Beno, hasiera batean ez nekien blog-ak izanen zuen harrera. Euskal Herrian, kuantikan lan egiten dugunok ez gara asko, gehienak, fisikariak gainera. Eta kimika kuantikozko blog bat zenbat jendek irakurriko zuen ez nekien. Baina harrera oso positiboa izan da. Hemendik irakurle guztiei nire eskerrik handiena!

Bestalde, blog honek aste gutxi zituenean, nire lankide eta laguna den Xabier Lopez beste blog bat egiten hasi zen, kimika kuantikoari buruz ere bai, baina gazteleraz (xabierjota.wordpress.com). Blog honek oso harrera ona izan zuen ere bai. Horrela, urtarrila heldu zen, eta bi blog hauetan irakurle kopurua goraka zihoan. Gainera, irakurle mota desberdina zela konturatu ginen. Euskerazko blogean idazten ditudan sarrerak, maila zientifiko txikia duen jendeak irakur dezake, baina Xabiren blogak, dibulgaziozkoa izanda ere, maila zertxobait altuagoa dauka.

Eta orduan ideia bat bururatu zitzaigun. Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Teoriko taldeak, hau da, Xabik eta biok lan egiten dugun taldeak, badauka ingelerazko web-gunea  http://www.ehu.es/chemistry/theory/. Bertan, gure aktibitateari buruzko informazioa daukagu, profesionalei zuzenduta. Hortaz, zergatik ez genituen hiru web-ak konektatzen? Alde batetik, ingelerazko bat (profesionala), eta bestaldetik bi dibulgazio blogak, euskeraz eta gazteleraz.


Web gune bakoitzak Twitter kontua eta Facebook orrialdea dauka asoziatuta, orrialde bakoitzeko aktibitatea zabaltzeko. Twitter kontuak goiko irudian dituzue, eta Facebook orrialdeak behean. Gonbidatuta zaudete bietara!

Hiru web hauek elkarrekiko independienteak dira, baina elkarrekiko lotura garbia dago. Guztietan, Kimika Kuantikoa da ardatza, eta gure taldean egiten den lanari buruz mintzatzen gara.
  • Ingeleseko web gunea: profil profesionala, zientzia munduan lan egiten duten ikerketa talde, zientzilari, zentro teknologiko, enpresa ala ikasleri zuzenduta.
  • Gaztelerazko web gunea: dibulgazio profila, orokorrean zientziaz eta konkretuki kuantikaz jakin nahi duen orori zuzenduta.
  • Euskerazko web gunea: dibulgazio profila, orokorrean zientziaz eta konkretuki kuantikaz jakin nahi duen orori zuzenduta.
Dena den, orrialde bakoitza irakurle profil desberdinari zuzenduta badago ere, elkarrekiko osagarriak dira. Hau da, ez duzue gauza berdinak aurkituko hizkuntz desberdinetan. Hortaz, posible da, eta ongi legoke lortuko bagenu, irakurle askok web bat baino gehiago interesgarria topatzea.

Gure helburu nagusia Kimika Kuantikoa, eta Euskal Herriko Unibertsitatean gure taldeak egiten duen lana gizarteratzea da. Hau da euskal gizartearekin dugun zorra kitatzeko moduetako bat. Ez bakarra.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina