2013-05-20

Ultramorea (UM)

Espektro elektromagnetikoaren tarteekin jarraituz, beste "goxoki kuantiko" berri batekin natorkizue gaur. Guk ikusten dugun tarte ikuskorra eta X-izpien artean kokatzen den argi ultramorea aztertuko dugu gaurkoan. Horretarako, lagun batzuk gonbidatu ditut, bizidunak (erleak eta loreak) eta bizigabeak (ozono molekulak). Lagun hauek berritsu datozkigu, eta beharbada, bi ala hiru goxoki batera nahi dituzte gaur! Lasai egon zaitezte, behar izanez gero, bertze egun batean gonbidatuko ditut berriz beraiekin banaka luze aritzeko.
Baina, gonbidatuak aurkeztu aurretik, has gaitezen hasieratik. Denok entzun dugu noizbait zerbait argi ultramoreari buruz, baina, zer da? Argi motak bezala, fotoiak dira, espektro elektromagnetikoaren tarte bat. Bere uhin-luzera gure begiek ezin dute harrapatu, hortaz, guk ezin ditugu ikusi. Hala ere, guk ikus dezakegun uhin-luzera laburrenera pegatuta daude, morera, alegia. Hori dela eta, argi mota "ultramorea" izena jarri zioten, eta bere uhin-luzerak argi moretik X-izpiraino doaz. Hau da, X-izpiek baino energia gutxiago dute, baina moreak baino gehiago.

Uhin-luzera oso txikia dute, 1-400 nm (nanometro) tartekoak, gutxi gora behera. Nanometroa metro bat mila milioi aldiz baino txikiagoa den luzera da, hortaz, txiki-txikia! Naturan, zerekin konparatu dezakegu uhin-luzera tamaina hau? Adibidez birus handiena bezalakoa da, gutxi gora behera. Bakteriak eta gure zelula gehienak baino dexente txikiagoa (hemen konparazio gehiago ikusten ahal dituzue).

Gure planetara, eguzkiak igorritako argi ultramorea heltzen da, baina gehiena atmosferan absorbatua da. Dena? Ez. Ikuskorretik gertuen dagoen ultramorea lurrazalara heltzen da, energia gutxieneko ultramorea, alegia. Hau dela eta, animalia batzuk argi hau ikusteko gai dira: erleak bezalako intsektuak, besteak beste. Ultramoreak loreetako nektarra lortzeko bidea erakusten die erleei. Iudian, ezkerrean, ikuskorrean lorea nola ikusten dugun azaltzen da, eta eskuinean, ultramorean erleek nola ikusiko luketen. Nektarra, ilunagoa ikusten da ultramorean, baina ikuskorrean ez da nabaritzen.

Hortaz, ultramoreak Lurrazaleko bizitzarako garrantzitsua da. Gainera, gure gorputzak D bitamina sintetiza dezan, argi ultramorea derrigorrezkoa da. Hortaz, zergatik entzuten dugu beti ultramorea kaltegarria dela? Erradiazio ionizatzailea izanda, gure gorputzeko osagaiak ioniza ditzake, eta horren ondorioz sortzen diren erreakzio-kateen bidez, minbizia sor dezakete. Hala ere, gure gorputzak badu argi hauetaz babesteko: melalina. Ikusten dugunez, argi ultramorea kaltegarria da, baina beharrezkoa ere bai. Gakoa, ultramorearen naturan (ikuskorretik gertu ala urruti egon) eta kantitatean datza.

Argi ultramoreak energia tarte (ala uhin-luzera tarte) handia hartzen du. Uhin-luzeraren arabera, hainbat azpitartetan banatzen dira: gertuko ultramorea eta urrutiko ultramorea. Gertuko ultramorean, UMA (400-320 nm), UMB (320-280 nm), eta UMC (280-200 nm). Azken hau, bizitzarako kaltegarriena da. Zorionez, Lurraren gainazalera ez da heltzen, atmosferak absorbatzen baitu (gehienbat ozonoak). UMB kantitate txikiak heltzen zaizkigu, gehienbat ozonoak absorbatzen duelako. Baina, heltzen den gutxiarekin kontuz ibili behar gara, kaltegarria izan daitekeelako. Hori bai, ezinbestekoa dugu ere bai. UMB-ren absortzioa baita D bitamina sintetizatzeko behar dugun erradiazioa (eskeman ikus dezakezue laburbilduta sintesi honen mekanismo konplexua).

Laburbilduz, naturako gauza guztiak bezala, argi ultramoreak eragin ona eta txarra izan dezake. Erleek nektarra aurkitzeko, ala guk D bitamina sintetizatzeko, beharrezkoa da. Baina, minbizia sor dezake ere bai. Gauza gehiekin bezala, kantitatea da gakoa. Zorionez guretzat, Lurrak badu UM kantitatea erregulatzeko mekanismoa, atmosferako ozonoa batez ere. Mekanismo hauek nolakoak diren, hurrengo batean ikusiko dugu.



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.
Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina