2013-05-30

Kongresuak. Zer demontre egiten dugu bertan? (I)

Ikertzaileen eginbehar nagusia ikertzea da. Ikerketen emaitzak, ordea, ez ditugu guretzat gorde behar, bestela, zertarako egiten dugu? Emaitza hauek, ideiak, komunitate zientifikoarekin zein gizartearekin konpartitzeko hainbat kanal irekita daude. Gaurkoan, gizartearekiko komunikazioaz ez naiz arituko. Ikerketa munduan gabiltzanok, gure artean ideiak eta emaitzak nola konpartitzen ditugun azalduko dizuet. Nagusiki (baina ez bakarrik) bi modutan egiten dugu hau: argitalpenen bidez (artikuluak gehienbat) ala kongresuetan. Eta gaur, azken honetaz arituko naiz. Artikuluei buruz, eta hauek sortu dezaketen gaixotasunaz (artikulitis) aurretik aritu nintzen, eta gaur, egon naizen kongresuen ibilbidea zuekin konpartitu nahiko nuke.

Istorio luzea denez, sarrera bat baino gehiago dedikatuko diot honi. Gaurkoan, tesia bukatu bitartean egondako kongresuetaz arituko naiz. Hala ere, luze joanen zaidalaren kezka dut... Hortaz, eser zaitezte eroso, hartu garagardotxo bat (gustoko baduzue noski), eta presta zaitezte istorio honekin "disfrutatzera". Kongresuak aspergarriak izaten ahal dira, baina nire helburua justu kontrakoa da. Dibertigarriak izan daitezkela erakustea. Lan asko egin bai, baina disfrutatu ere bai egiten dugu! (Normalean, gure lanaren alde guztiekin bezala).

Nondik hasi? Hainbat idei datozkit burura, baina, ateratzen zaidan moduan kontatuko dizuet, eta hasteko, hasieratik hasiko naiz. Nire ibilbide kuantikoak irakurri duzuenok, jakinen duzue istorio hau Herberehetan hasten dela. Bai, bertan Erasmus ikaslea nintzenean, karreraren laugarren eta bosgarren mailan ("Las chicas de oro"-ko Sofiak esanen lukeen moduan, Sicilia, 1918...). Laugarren mailan, ikerketa munduan murgildu ninduten Utrecht Unibertsitateko Kimika Teorikoko taldekideek (irudian, Utrecht Unibertsitateko eraikin historikoa). Ikerketa projektu bat burutu nuen, eta bosgarren mailan nengoelarik, beste projektuetaz aparte, emaitzen hedapena nola egiten zen irakatsi ninduten. Horrela, artikuluaz aparte, kongresu batera eraman ninduten 1998ko otsailan: "Stichting Scheikundig Onderzoek in Nederland (SON), Werkgemeenschap voor spectroscopie en theorie". Kongresu hau, Lunteren-en urtero egiten zuten Herberehetako Teoria eta Espektroskopia bilkura zen. Bertan, poster bat aurkeztu behar nuen, ikerketan lorturiko emaitzekin.

Kongresuetan, emaitzak kaleratzeko bi bide nagusi ditugu: txarlak eta posterrak (irudian, poster baten adibidea ikus dezakezue). Txarlak serioagoak dira, hizlari batek entzulegoaren aurrean azaltzen ditu bere emaitzak, eta eztabaida sortzen da (ikusi parrafo honen azpian, ezkerreko irudia). Posterrak, ordea, erlajatuagoak dira. Gela handi batean, poster kopuru handia zintzilikatzen dira, eta jendea beraien artean ibiltzen da, interesgarria izan daitekeen zerbaiten bila. Eztabaidarako gune egokia da. Ikasle bat trebatzen joateko, gune egokia da (ikusi parrafo honen azpian, eskuineko irudia). Horrela izan zen nire kasuan ere. Kongresuetan txarla bat emateko, lehenago posterren bidez trebatu behar gara, eta taldean emandako txarlen bidez. Jendaurrean hitzegiten eta nerbioak kontrolatzen ikasi egin behar da. Ibilbide honen abiapuntu izan nuen bada nik Lunteren-en. Dena ongi joan zenez, martxoan beste kongresu batera bidali ninduten, oraingoan ni bakarrik, bertze hiri batera, Leiden-era. Herberehetako ikasleek antolatzen zuten kongresu batera. Denak nire egoera berdinean, azken urteko ikasleak, eta bertan bere ikerketaren nondik norakoak azaldu behar zituztenak. Eguna ongi joan zen, asko ikasi nuen, eta gogoan dut Utrecht-erako bueltako trenean nire buruan zebilen pentsamendua: "zein desberdina hemen ikasi dudana eta Donostian gelditu izan banintz ikasiko nukeena". Desberdintasun nagusia, Herberehetan karreran zehar ikasleak ikerketarako prestatuz joaten ziren, Euskal Herrian, aldiz, hori doktoradutza hasterakoan gertatzen zen.




Prestakuntza honekin, Donostiara tesia egitera bueltatu nintzenean, gauza asko aurreratuta nituen, ikerketa munduaren funtzionamenduan murgilduta nintzelako jada. Gainera, filosofia berdintsuko talde bat topatu nuen. Hau horrela izanda, tesiarekin hilabete gutxi neramala, kongresutxo txikia antolatu zen taldean. Taldekide baten tesi defentsaren eskusarekin, atzerriko tribunalkideak etortzen zirela aprobetxatuz, bezperan egun bateko txarla sesioa antolatu genuen. Jesus Ugalde etorri zitzaidan, eta zera esan zidan:

"Txoni, taldeko gazteenak kongresura etorriko diren entzule kopuruaz arduratu behar du. Zu izanen zara kontaktua, eta zuk manejatu hori". 

Batek pentsa dezake ardura handiegia zela hasiberri batentzat, baina Jesusek ederki kalkulatuta zuen asuntoa. Bazekien jende gutxi etorriko zela, niretzat ez lukeela arazo handia suposatuko, eta horrela ardurak hartzen hasten nintzen. Prestakuntza zientifikoaren eta talde-lanaren beste esparru bat. Honekin batera, beste gauza garrantzitsua lortu zuen. Nik betebehar hori gustora hartu nuen, niganako konfidantza erakusten zuelako. Eta horrek, taldearen parte sentiarazten dizu, kontutan hartua zarela. Ez da batere makala Jesus talde giroa sortzen. Filosofia honek gaur egun oraindik ikerketa taldearen izpirituan dago. Ikuspuntu honek hutsak izan ditzake, baina, nire ustez, lorpenak askoz ere handiagoak dira. Inbolukrazioa, lan giro ona, kolaborazioa etab bermatzen du, eta honek ikerketa produkzioa handitzen du. Filosofia honekin, 1+1=3 da. Taldearen ekoizpen zientifikoa ez da indibiduo bakoitzaren ekoizpen zientifikoen batura, askoz ere gehiago da.

Gauzak horrela, kongresura etorri nahi zuten hainbat pertsonen emailak heldu zitzaizkidan. Baina, horien artean, bat gelditu zait buruan. Italiako irakasle batena zen. Berak kongresura nahi zuen etorri, baina bakarrik txarla bat ematen bazuen. Ni zur eta lur gelditu nintzen. Nor ote gizon hau bere burua horrela gonbidatzeko? Jesusi galdetuta, baiezkoa eman genion. Txarla pixkat desastrosoa izan zen, baina bisitalditxo horrek kolaborazio oparoa ekarri zuen, eta oraindik gaur egun mantentzen da. Ikusten duzuenez, modu bitxienetan ere sortu egiten dira kolaborazioak!

2000. urtean, beste bi kongresutan egon nintzen. Niretzat garrantzitsuena, Donostian burutu zen ESPA-2000 konferentzia izan zen. Bertan, nik aurkezten nuen posterrera gizon bat hurbildu zen Jesusekin. Nik ZnS nanopartikulei buruzko poster bat nuen, eta berak C-zko nanopartikulei buruz hitz egin zuen. Bere azterketa beraiek garatzen ari ziren metodo berri batekin egina zuten. Berarekin hitz egiten, interesgarria iruditu zitzaigun nik bere taldean, Cambridgen, hiru hilabeteko egonaldia egitea. Metodoa ikasteko, eta gure projektuan erabiltzeko. Richard Needs zen, Cavendish Laboratory-ko ikertzaile bat, Cambridge Unibertsitatean. Kongresuari esker, kolaborazio eder bat gauzatu zen, eta Cambridge ezagutzeko aukera izan nuen (irudian, Cavendish Laboratory-ko atarian ikusten ahal nauzue).

Euskal Herriko Unibertsitatea oso gaztea da Utrecht Unibertsitatearekin alderatuta. Batak 30 urte inguru ditu, besteak 300 urte inguru. Baina Cambridgeko Unibertsitatea beste kontu bat da. XII. mendearen bukaeran sortua, 900 urte baino gehiago ditu (irudian, Cambridge Unibertsitateko King's College). Bertan lan egin dutenak zientzia eta letretako esparru guztietan, asko dira. Denak ezin esan. Horien artean, batzuk esatearren, Isaac Newton, Maxwell, Thompson, Watson eta Crick, eta gaur egun munduan ezaguna den Stephen Hawkins. Cavendish Laboratory-k bere museoa zuen, eta bertan, adibidez, Maxwell-en mahaia, Thompson-ek elektroia aurkitzeko erabili zuen materiala, etab zeuden. Zientzia gaur egun leku askotan egiten dugu. Historikoki Zientzia egin diren lekuak, ordea, gutxi dira. Cambridge horietako bat da, eta bertakoa ezagutzeko aukera, izugarrizkoa izan zen niretzat. Hiru hilabeteko egonaldi honi esker, 2002. urtean nire tesia Tesi Europearra bezala defendatzeko aukera izan nuen.

Kongresu hauetan, etxean izanik, anfitrioiak izan behar ginen. Lanaz aparte, askotan hiria erakutsi, jendea afaltzera eraman, alde zaharretik buelta eman, parrandatxoren bat edo beste bota, egin behar genuen. Momentu hauek jendeak uste dezakeen baino garrantzitsuagoak dira. Konplizidade pertsonalak sortzen dira, gertutasuna, ideiak giro erlaxatuan eztabaidatzen dira. Eta honek, askotan, arazoak beste ikuspuntu batetik begiratzeko asko laguntzen dute. Lanean lagungarriak izan daitezkeen ideiak sortzen dira, eta horretaz gain, kolaborazio asko horrela gauzatzen dira. Honetaz luze mintzatzen ahalko nintzen. Hurrengo batean, gehiago sakonduko dut kongresuetako alde hau.

Eta, horrela, gaurko ibilaldi hau bukatutzat joko dugu. Ondorio gisa, hurrengo erreflexioak azpimarratu nahiko nituzke:
  • Ikasle gazteak hasieratik kongresuetan parte hartzearen garrantzia (posterrak aurkeztuz zein antolakuntzan lagunduz).
  • Kongresuetan, askotan, espero ez dituzun kolaborazioak ateratzen dira.
  • Lana eta gero, parrandarako denbora ere badago. Askotan, momentu hauetan sortzen diren konplizitateak ekarpen zientifikoetan islatzen dira gero.




Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.
Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina